Politika -

Legazpin eta Galdakaon

Urquijok ETAko bi preso ohiri egindako omenaldiak salatu ditu ANn

Gobernuaren ordezkariak "ahalegin bat egiteko" eskatu die "demokratei, garaituak eta garaileak" izango dituen kontaketa bat garatzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak ETAko bi presori egindako omenaldien berri eman dio Auzitegi Nazionaleko fiskal nagusiari, ekitaldi horietan "biktimak umildu" zituztelakoan eta terrorismoa goratu zutelakoan. Omenaldiok Legazpin eta Usansolon egin zituzten; Joan Ignacio Delgado preso ohiari asteartean egin zioten Gipuzkoako udalerri horretan, eta Javier Martinezi gaur, asteazkena, Bizkaikoan.

Urquijoren ustez, ezker abertzaleak "iruzurra egin du" berriro, sinetsarazi egin baitzuen ez zituztela ETAko preso ohiak omenduko. Hori dela eta, ordezkariak "ahalegin bat egiteko" eskatu die "demokratei, garaituak eta garaileak" izango dituen kontaketa bat garatzeko.

Urquijoren iritzian, omenaldiokin, irailaren 22ko 29/2011 Legea, Terrorismoaren Biktimak Aitortu eta Osorik Babestekoa, eta ekainaren 19ko 4/2008 Legea, Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa Egitekoa, urratu dituzte, eta baliteke Zigor Kodeko 578. artikulua ere urratu izana.

Gertaera horiek kontuan hartuta, Urquijok esan du zelatan jarraituko duela "biktimak umildu eta portaera terroristak izan zituztenak goratzeko" egiten dituzten ekitaldietan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea