Politika -
Gaitzespen mozioa
PPren egoitzak jasotako erasoak zatiketa ekarri du Getxoko Bildun
Koalizio abertzalearen zinegotzietako batek babestu egin du gaitzespen mozioa, bi abstenitu egin dira eta laugarrenak ez du bozkatu.
Erredakzioa
Atzo Getxoko egoitzak pairatutako erasoa gaitzesteko PPk Udalean aurkeztu duen mozioak zatiketa ekarri du Bildun. Izan ere, koalizio abertzalearen lau zinegotzietako batek babestu egin du testua, beste bi abstenitu egin dira eta laugarrenak ez du bozkatu.
Mozioak Udalaren gaitzespen irmoa jasotzen du, eta interes politikoak "errespetua eta balio demokratikoak oinarri hartuta" baino ezin direla defendatu adierazten du.
Udalak onartu egin du testua, EAJk, PPk, PSE-EEk eta Bingen Saitua Bilduko zinegotziak alde bozkatuta.
"Bildu mota guztietako indarkerien aurka" dagoela nabarmendu du Saituak, baina PPk mozioa aurkezteko hautatu duen modua salatu du, azken orduan egin duelako, "akordioa" bilatu gabe.
Bilduk zuzenketa bat aurkeztu du, giza eskubideen urraketa guztiak errefusatzeko, eta proiektu politiko guztiak "indarkeriarik eta inposaketarik gabe" defendatu ahal izatea aldarrikatzeko.
PPk, baina, ezezkoa eman dio zuzenketa horri, eta Bilduren partetik ez duela inolako proposamenik onartuko ohartarazi du, egoitzaren aurkako "atentatua" gaitzesteko "gai" ez delako.