Politika -

Herrira

'Ateak ireki' webgunea ixtea agindu du Auzitegi Nazionalak

Eloy Velasco epaileak beste hiru webgune eta Twitter eta Facebookeko bi profil ixtea agindu du, Herrirarekin zerikusia dutelakoan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak lau webgune ixtea eta Twitter eta Facebookeko bi profil blokeatzea agindu du, Herrirarekin zerikusia dutelakoan. ateakireki.com, egindezagunbideadonostia.com, etengabe.wordpress.com eta zarauzkoherrira.wordpress.com dira webguneak, eta, bertara sarrera blokeatzea agindu die hainbat telefonia enpresari. Halaber, webgune horiei ostatu ematen dieten konpainiei horiek ixteko agindua eman die, Europa Press agentziak emandako informazioaren arabera.

Epaileak, gainera, Ateak Ireki izenarekin Facebook eta Twitter sare sozialetan irekita dauden profilak ixtea ere agindu du, Herrira plataformaren kontra irekitako operazioaren baitan. Operazio horretan, 18 lagun atxilotu eta geroago aske utzi zituzten.

Epailearen hitzetan, ''webgune kaltegarri eta deliktibo'' hauek Interneten jarraituta ''auziak ikertzen dituen legez kontrakoei eutsiko'' zaie. Ministerio Fiskalaren oniritziarekin hartu du erabakia Eloy Velascok, Guardia Zibilaren ofizio bat jaso ondoren. Bertan, hainbat webguneren blokeoa eskatu dute, ''ETAren alde eta Gestoras Pro Amnistia/Askatasunaren oinordeko gisa Herriraren legez kanpoko jarduera'' ekiditeko.

''Adierazpen eta informazio eskubidearen kontrako erasoa''

Ateak Ireki plataforma informatiboak ohar batean azaldu duenez, Auzitegi Nazionalaren erabakia ez da irmoa. Horren aurka helegitea jartzeko bost egun dituzte, baina, hala ere, ez dakite datozen orduotan bere webgune eta sare sozialetako profilak martxan egongo diren, ohar horretan azpimarratu dutenez.

Nafarroan ''aldaketa politiko eta soziala bultzatzen duten herri mugimendu eta pertsonen ahotsa'' izatea du plataformak helburu, eta epailearen erabakia ''adierazpen eta informazio eskubidearen kontrako erasoa'' dela salatu du.

''Apurtu.org itxi ondoren, gurea bezalako komunikabideek esparru komunikatiboan tokia izatearen alde egin zuten dozenaka kazetarien bultzadari esker jaio zen'' proiektua, plataformak berak azaldu duenez.

''Eraso antidemokratiko berri'' honi ''eskura'' duten ''arma bakarrarekin'' aurre egiteko prest agertu dira, ''adierazpen askatasunarekin''.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala