Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Lopezek ez du esan aurkeztuko den, baina indartuta ikusi du Rubalcaba
PSE-EEren idazkari nagusiak azaldu duenez, konferentziak ez ditu bere asmoak "gelditu edo areagotu", oraindik ez daudelako "primarioen garaian".
Erredakzioa
Patxi Lopez PSE-EEren idazkari nagusiak adierazi du bere asmoak ez direla "ez gelditu ez areagotu" PSOEren Konferentzia Politikoaren ostean; izan ere, oraindik ez da "primarioen garaia". Gainera, Alfredo Perez Rubalcabaren lidergoa "indartuta" ikusi du bertan.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, PSOEren asteburuko biltzarraren emaitza "ona" izan da, "helburuak bete" direlako eta proiektua "berriro abiatu" delako.
Halaber, proiektu sozialista defendatzeko "jende guztia beharrezkoa" dela eta "aurpegi berri asko" etorriko direla uste duen arren, "dagokion garaian, lasaitasunez eta ordenarekin" egingo dutela azpimarratu du.
Hauteskunde primarioak
Datorren urtean PSOEren idazkari nagusia aukeratzeko egingo diren hauteskunde primarioei buruz galdetuta, Lopezek erantzun du biltzarrean ez dela bere asmoa aldatu, "ez baikaude primarioen garaian, proiektuaren garaian baizik". "Dortsalak ez ditu norberak jartzen, kideek baizik", gaineratu du.