Politika -

Hauteskunde primarioak

PSOEren primarioetarako hautagai posibleak

Konferentzia politikoaren ostean, PSOE zuzentzeko hautagaien izenak dantzan hasiko dira, eta Rubalcaba bera, Chacon eta Patxi Lopez dira gehien entzuten direnak.

PSE-EEren idazkari nagusia, PSOEko buruarekin. Foto: Efe
PSE-EEren idazkari nagusia, PSOEko buruarekin.
PSE-EEren idazkari nagusia, PSOEko buruarekin. Foto: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSOEren proiektu politiko berria zehaztu ostean, segituan hasiko da Espainiako sozialistak zuzenduko dituen buruzagi posibleen inguruko izen-dantza.

Hori horrela, honakoak izan daitezke primarioetan azalduko zaizkigunak, orain arte gehien aipatu direnak behintzat:

- Alfredo Perez Rubalcaba: PSOEren egungo idazkari nagusiak ez du iragarri zer egingo duen, eta garaia iristen denean erabakiko duela adierazi du. Batzuk uste dute azken txanpa duela politika munduan, baina beste batzuk irrikaz ikusten dute, inkestak hobetu diren heinean berriro hauteskundeetarako hautagai izan nahi duelakoan. Bere gertukoek diote hautagai sendoena bera dela, baina kontra dituenen arabera, PSOE zaharretik dator eta 2011ko porrot handiaren errudunetako bat da.

- Carme Chacon: PSOEren idazkari nagusi izateko hautagai izan zen 2012ko otsailean, eta Rubalcabak irabazi zion 22 botogatik. Oraindik ez du esan zer egingo duen eta, irailean Miamira joan bazen ere, itzultzeko asmo argia agertu zuen. "Aldaketa proiektu honetan parte hartuko dut. Zein postutan? Ez dakit", adierazi zuen aurreko ostegunean. Hala ere, PSCko kide izateak kalte egin diezaioke, sozialista kataluniarrek erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera dutelako.

- Susana Diaz: konferentzia politikoko izarra izan da, eta primarioetarako hautagai izan daiteke azkenaldian lortu duen indarra dela eta (Andaluziako presidente izendatu dute eta Andaluziako PSOEren idazkari nagusi izango da aurki). Gainera, diputatu sozialista batzuen arabera, Diazen iritzia oso aintzat hartzen ari dira PSOEk hartzen dituen erabakietarako, berak aginduta bozkatu baitzuen PSOEk erabakitzeko eskubidearen kontrako mozio baten alde. Horrek areagotu egin zuen PSCrekiko zatiketa.

- Eduardo Madina: batzuentzat ezustekoa izan bada ere, Madinak ez die uko egin primarioei, eta federazio batzuetan babes bila aritu omen da. "Primarioak iristen direnean ikusiko dugu", adierazi du behin eta berriz. Hala ere, azken egunotan atzera egin ote duen zabaldu da.

- Patxi Lopez: PSEren buruzagia paper garrantzitsua izaten ari da PSOEren exekutiba federalean, eta horri esker, beste federazioetako kideen iritziak jasotzen ari omen da. Batzuen arabera, itun sekretu bat du Rubalcabarekin, primarioak iristen direnean lekukoa hartzeko. Oraindik ez du argitu zein den bere asmoa, baina beharrezko babesa izanez gero aurpegia emango lukeela adierazi du aste honetan bertan.

- Emiliano Garcia-Page: Toledoko alkatea Jose Bono Kongresuko presidente ohiaren oso laguna da, eta azkeneko Kongresuan ere hautagai posibleen artean zegoen. Nahiz eta ziurrenik Gaztela Mantxako hauteskundeetarako hautagai izatea lehenetsi, Moncloako bidea ere har lezake. "Primario batzuetara aurkeztuko naiz, baina ez dakit ze primariotan", adierazi zuen aurrekoan.

- Tomas Gomez: Madrilgo sozialisten idazkari nagusia izan zen Chaconi babes osoa agertu zionetako bat 2012ko Kongresuan, eta Rubalcabaren sektoreak gutxien gogoko duenetako bat da. Izan ere, duela urtebete Rubalcabaren dimisioa eskatu zuen. Bere inguruko iturriek jakitera eman dutenez, Madrilen du burua, baina ez du baztertzen Estatu mailan aurkeztea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea