Politika -
Glencree
ETAren eta GALen biktimak: 'Elkarrekin egoteak atsekabea arindu zuen'
"Biktimekin elkarbizitza: Glencree esperientzia" izeneko mahai-inguruan hartu dute parte Fernando Garridok eta Axun Lasak.
Erredakzioa
Beste biktimekin elkartu eta esperientzien berri emateak, "berekoikeriaz", atsekabea "arintzeko" balio izan zuela aitortu dute Axun Lasak eta Fernando Garridok.
GALek hil zuen Joxean Lasaren arreba da Axun. Fernando Garridoren gurasoak eta anaia, berriz, ETAk hil zituen. Biek hartu dute parte Deustuko Unibertsitatean (Bilbo) egin duten 'Biktimekin elkarbizitza: Glencree esperientzia' izeneko mahai-inguruan. Solasaldi horretan, Irlandako Glencree hirian egin zituzten biktimen topaketak gogoratu dituzte. Besteak beste, ETAren eta GALen biktimak elkartu zituen esperientzia horrek.
''Denak berdin geundela ikusi nuen''
Topaketa horretara joateko deitu ziotenean ''barrenean astindua'' sentitu zuela aitortu du Axun Lasak. "Biktimekin egoteko beharra nuen, eta berehala esan nuen baietz", azaldu du. "Ondoren beldurrak etorri ziren, zer esango ote zuten beldur", gaineratu du.
Aireportuan elkartu ziren, elkarrekin Dublinera bidaia egiteko. "Tentsioa nagusi zen. Nor izango ote da nor? Gorrotatua izateko beldurra nuen. Beharbada gorrotatzeko beldurra nuen", esan du.
Irlandan hunkitu egin zela azaldu du. "Hitz egiten azkenetarikoa izan nintzen. Barruko atsekabea mugitzen zitzaidala sentitu nuen, eta denak berdin geundela konturatu nintzen, beldurrak jota".
"Hori gaindituta zerbait gertatu zela konturatu nintzen. Afarian bazegoen barruan elkartzen gintuen zerbait. Barre eta negar bakoitza zerbaitetara zegoen lotuta", gogoratu du.
Besteen hitzak entzuteak autokritika positiboa egiten lagundu ziola aitortu du Asun Laxak. "Zer egin dezaket nik hau berriz gerta ez dadin?", galdetu zion orduan bere buruari.
''Bi musu emango al dizkit?'
Glencreeko esperientzia oso positiboa izan zela azpimarratu du Fernando Garrido Velascok ere. "Gogorra izan zen, traumatikoa, baina pentsatzera bultzatu nau", azaldu du.
Garridok ere aireportuko egoera gogoratu du: "Giroa hotza zen, ez genekien nor zen nor. Bi musu emango al dizkit? Ez?", galdetu zion bere buruari.
Irlandan, lehen hitzordua "oso bortitza" izan zela azaldu du. "Gordeta dugun ekaitzen kutxa da, eta ez zaigu gustatzen hori irekitzea. Baina zurea kontatu eta albokoarena ere entzuten zenuen, eta zu bezala zegoela konturatzen zinen; ez bakarrik zure aldekoak, baita besteak ere", gaineratu du.