Politika -
Memoriak
Aznar: 'Espainia ondo ezagutzen zuen buru batek planifikatu zuen M-11'
Rajoyri "zuzen jokatzea" eta hartu beharreko erabakiak hartzea eskatzen dio, eta ez "jatorra" izatea.
Erredakzioa
Jose Maria Aznar Espainiako presidente ohiak esan du "lasaiago" egoten dela Mariano Rajoy presidenteak "Espainiako batasuna negoziatzea ezinezkoa dela esaten duenean", kazetarien galdera bati "euri asko ari duela erantzuten dionean baino".
"Kezkatu egiten naiz 'gaur euri asko ari du' erantzuten duenean", esan du Antena 3 kateari eskainitako elkarrizketa batean. Rajoy presidenteak hitz horiekin erantzun zion 'Parot doktrina'ren epaiaren inguruko galdera bati. Aznarrek bere memorien bigarren zatia aurkeztu du gaur.
Aznarren hitzetan, Rajoyk "zuzen jokatzea" da bere kezka bakarra. Ez dio "jatorra izatea" eskatzen, "erabakiak hartzea eta egin behar dituen gauzak argi izatea eta egitea" baizik.
PPko ohorezko presidentea den heinean, Espainiako herritarrek emandako "aginduak" bete behar dituztela gogoratu behar die popularrei, horren arabera. Bere hitzak "desleialtasun" modura ez hartzeko eskatu du, eta ez duela Gobernuko presidentea edo ministroa izan nahi berretsi.
Martxoak 11ko atentatuen inguruan, berriz, "buru oso gaizto batek" planifikatu zituela esan du. "Buru oso argi eta oso gaizto batek planifikatu zituen, oso gertuko buru batek, Espainiako politika oso ondo ezagutzen zuen buruak, alegia".
Bestalde, 'Parot doktrina'ren inguruko epaia errespetatu egiten duela esan du, baina auzitegi horren beste erabaki batzuk ere errespetatzea eskatu du; "Bildu legez kanpokoa dela esaten dutenak, adibidez".
Estrasburgok erabakitakoarekin "ados ez" dagoela esan du Aznarrek, eta bere Gobernuak zigorrak bere osotasunean betetzea onartu zuela gogoratu du. "Gerra bat irabazten saiatzen ari garenean, eta ETAren aurkako gerra irabazi dugu, onartezina da biktimak modu horretan umiltzea", gaineratu du.
Bera ere ETAren biktima dela azpimarratu du: "Lau bider saiatu ziren ni hiltzen, eta horietako batean ia lortu egin zuten".
Biktimen ondoan ez dagoen jendea badagoela esan du Aznarrek, baina pertsona horiek Gobernuan ez daudela azpimarratu du.