Politika -
Auzitegi Nazionala
Herriko tabernen arduradun legalek deklaratuko dute gaur
Auzipetuen azken agerraldian, atzo, Joseba Permach ezker abertzaleko kideak ETAren aginduak jaso izana ukatu zuen.
Erredakzioa
Herriko tabernen arduradun legalek lekuko gisa deklaratuko dute gaur Auzitegi Nazionalean Herriko tabernen auzian egiten ari den epaiketan. 110 lagun dira 09:30etik aurrera deklaratzekoak.
Auzipetuen agerraldiak atzo bukatu ziren, eta, besteak beste,Joseba Permach ezker abertzaleko buruzagiak hitz egin zuen. Permachek ukatu egin zuen ezker abertzaleko buruzagi gisa ETAren aginduak jaso izana.
Herriko tabernen auzien harian Auzitegi Nazionalean egiten ari diren epaiketan, Fiskaltzak 12 urteko kartzela-zigorra eskatu du Permachentzat, ETAko kide izatea leporatuta.
Buruzagi abertzaleak Iñigo Iruin defentsako abokatuaren galderei soilik erantzun zien, uko egin baitzion fiskalaren eta AVT eta Dignidad y Justicia elkarteetako abokatuen galderei erantzuteari. ETAko kide izatea, erakunde armatuari laguntzea edo horrekin inolako harremana eduki izana ukatu zuen, baita ETAren aginduetara aritu izana ere.
Permachek gogorarazi zuenez, Donostiako zinegotzi izan zen hiru urtez, 1998an Herri Batasuneko Donostiako arduradun izendatu zuten arte. Urtebete lehenago, alderdi horretako buruak kartzelara bidali zituztenean, Mahai Nazionalera batu zen. Hori horrela, 1998tik Herri Batasuneko Mahai Nazionaleko koordinatzaile izan zen, eta kargu horri eutsi zion Batasuna alderdia eratu zenean ere.
Jarduera politikoari eutsi zion, Batasunaren jarduerak eten ostean
Permachen hitzetan, 2002an Baltasar Garzon epaileak Batasunaren jarduerak eteteko agindua eman ostean abiatutako prozesuan inputatuta egon bazen ere, epaileak 12.000 euroko fidantzapean aske utzi zuen, eta, hala, jarduera politikoari eutsi zion, bere eskubide zibil eta politikoak etenda ez zeudelako. Halaber, legebiltzarkide lanetan aritu zen 2005era arte.
Horren harian, zinegotzi edo legebiltzarkide izan zen garaian ETAren aginduz aritu izana ukatu zuen Permachek.
Bilera publikoak alderdi eta buruzagi politikoekin
ETAk su-etena iragarri zuenetik, PSOE, EAJ, EA eta beste alderdi politiko batzuen buruzagiekin bildu zela nabarmendu zuen Permachek, eta ordezkariek argi zutela Batasuneko buruzagi batekin biltzen ari zirela, ez ETAko kide batekin.
Zehaztapen gehiago eman zituen Permachek. Izan ere, horren arabera, Jaime Mayor Oreja (PP) Barne ministro ohiak bidalitako mezuak jaso zituen 1998an, eta Alfredo Perez Rubalcabarekin (PSOE) bildu zen garai hartan.
Ezker abertzaleak Burgosen Jose Maria Aznarren gobernuaren ordezkariekin egindako bilera eta Suitzan Espainiako Gobernuaren eta ETAren artean izandakoa ere aipatu zituen Permachek. Horren esanetan, "horrek agerian utzi du gobernuek ondo bereizten zituztela HB-EH-Batasuna eta ETA".
Batasunaren jarduerak eten ostean, ezker abertzalearen ekimenek euskal gatazka bide baketsuen bidez konpontzea zuten helburu, Permachen hitzetan.