Politika -
2014ko Aurrekontuak
Bilduk eta EAJk defizitaren gaineko akordioa lortu dute Gipuzkoan
Alderdi jeltzalearekin lortutako itunak Diputazioak izango dituen 18 milioi euro gehigarrien % 2,5etan eragingo du, eta enpresa sektorean inbertsioak egiteko erabiliko dute, batik bat.
Erredakzioa
Gipuzkoako Bilduren Gobernu foralak eta EAJk akordio bat lortu dute, defizitaren muga malgutu ostean Diputazioak datorren urterako Aurrekontuetan izango dituen 18 milioi euro gehigarriak zelan banatzeko.
Larraitz Ugarte Diputazio gipuzkoarreko bozeramaleak prentsaurreko batean adierazi duenez, itunak "aldaketa txikiak" eragingo ditu aurretik Diputazioak egindako proposamenean, baina "herrietan inbertsioa egiteko eta enplegua sortzeko filosofia mantenduko du".
Zehaztu duenaren arabera, EAJrekin lortutako akordioak partida horretako 450.000 eurotan eragingo du, alegia, inbertsio gehigarri guztiaren % 2,5.
Ugarteren esanetan, EAJrekin adostutako partidak honako hauek dira: Euskaltzaindiaren Donostiako egoitza berria (80.000 euro); Aiako Bigantzako bideko inbertsioa (70.000 euro); Inbiomeden 100.000 euroko inbertsioa; Donostian enpresak sortzeko 150.000 euro eta beste 50.000 Aranzadirentzat.
Bestalde, Markel Olano Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJk duen bozeramalearen hitzetan, "albiste ona" da akordioa lortu izana eta nabarmendu du bere alderdiak "erantzukizunez" jokatu duela.