Politika -

Helegitea

Langabeentzat laguntzen kudeaketari helegitea jarri dio Jaurlaritzak

EAEko Gobernuak Auzitegi Konstituzionalera eraman du kasua, langabeentzat laguntzen kudeaketa Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren eskumena dela uste baitu.

Eusko Jaurlaritza, Lakua. Argazkia: EITB
Eusko Jaurlaritza, Lakua. Argazkia: EITB
Eusko Jaurlaritza, Lakua. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak konstituzio-kontrakotasuneko helegitea aurkeztu du. Iñigo Urkulluren Gobernuak errekurritu duen Errege Dekretu Legeak 'Prepara plana' luzatzen du. Langabezia-babesa agortu zaien langabetuen lanbide-prestakuntza ahalbidetzen du programa horrek.

Urtarrilean onartutako neurri horrek EAEren eskumenak inbaditzen dituela salatu du Lakuako Gobernuak. Izan ere, bertako enplegu-politikei dagozkien erabakiak gauzatzeko boterea eman zitzaion Euskadiri 2010ean.

Eusko Jaurlaritzak gaur jakinarazi du helegitea aurkeztu duela. Gainera, Estatuak eta Euskadik sei hilabetez burututako negoziazio irekiek ez dutela fruiturik eman azaldu du.

Denbora luzez langabezian dauden eta langabezia-babesa agortu zaien pertsonei sei hilabetez 400 euroko laguntzak eskaintzeko neurriak hartzen ditu aipatutako Errege Dekretu Legeak.

Euskadin laguntza horiek eskaintzea Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren eskumena dela uste du Eusko Jaurlaritzak, eta ez Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoarena.

Helegite horretaz gain, Auzitegi Konstituzionala beste bost konstituzio-kontrakotasuneko errekurtso aztertzen ari dela gogorarazi du Gasteizko Gobernuak, eta guztiak legealdi honetan jarri direla.

2012 eta 2013 urteetako aurrekontuen legeak eta lehiakortasuna eta aurrekontuen egonkortasuna bermatzeko neurriak biltzen dituen Errege Dekretu Legea errekurritu ditu Eusko Jaurlaritzak egungo legealdian.

Bestalde, EAEn ezarritako Segurtasun Publikoaren Sistema antolamendurako eta Gizarte-Emendiotarako Borondatezko Erakundeen legeei helegitea jarri die Espainiako Gobernuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Espainian