Politika -
Eusko Legebiltzarra
Arnaldo Otegi berehala aske uzteko eskatu du Legebiltzarrak
EH Bilduko bozeramaileak hitza eskatu du beste alderdiak koalizioa kalumniatzen ari zirela salatzeko, eta Tejeriak auzitegietan salaketa jartzera gonbidatu du.
Erredakzioa
Arnaldo Otegi eta 'Bateragune auzia'n zigortutako gainerako pertsonak berehala aske uzteko, eta "ekintza politiko publikoan eta gardenean" oinarritutako kausa penalak bertan behera uzteko eskatu du ostegun honetan Eusko Legebiltzarrak.
EH Bilduk aurkeztutako ez legezko proposamenak aurrera atera da EAJren babesarekin, eta, PSE-EEk, PPk eta UPyDk, berriz, kontra bozkatu dute.
Proposamena aurrera atera da, eta ekimenaren edukiak "betearazteko" instituzioen aurrean beharrezkoak diren kudeaketa guztiak egiteko, eskatu dio Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari.
Larritzat jotzen dute 'Bateragune auzia'n prozesatutako bost pertsonek kartzelan jarraitzea, "legearen izpiritua urratzen du, eta denborak erakutsi du bostak bakearen eta normalizazioaren alde lanean ari zirela".
Debatean zehar ika-mika izan da. Julen Arzuaga EH Bilduko bozeramaileak hitza eskatu du beste alderdiak koalizioa kalumniatzen ari zirela salatzeko; izan ere, PSE-EEk, PPk eta UPyDk ETArekin lotu dute.
Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak auzitegietan salaketa jartzera gonbidatu du Julen Arzuaga, egin ez duen delitu bat egotzi diotela uste badu.
Une horretan, Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkidea kexatu egin da, eta Tejeriak kanporatzeko mehatxua egin dio. Urruzunok "pailazoa" deitu diola salatu du Iñigo Iturrate Eusko Legebiltzarreko Mahaiko idazkariak, baina EH Bilduko legebiltzarkideak ukatu egin du.
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak salatu duenez, Bateraguneko auziko epaiketan auzipetuak ETArekin lotzeko indiziorik ez zegoen.
Joseba Egibar jeltzaleak azaldu duenez, "auziperatuek kalean egon behar dute politika egiten, ezker abertzaleak lan asko dauka egiteke eta".
PSE-EE, PP eta UPyD alderdietako bozeramaileek Bateraguneko auziagatik kartzelan dauden horiek aske uztearen kontra agertu dira, eta EH Bilduren ez legezko proposamena babestea leporatu diote EAJri.