Politika -
Segiren aurkako epaiketa
Segiko auzipetuek kasua artxibatzeko eskatu dute
Gazteek salatutako "torturen egileen" deklarazioa ez entzutea eskatu dio defentsak epaileari, eta epaileak aretotik ateratzeko baimena eman die.
Erredakzioa
Segiko auzipetuek kasua artxibatzeko eskatu dute. Auzitegi Nazionalean Segiren aurka egiten ari diren makroepaiketan, gaur guardia zibilen txanda izan da.
Gazteek salatutako "torturen egileen" deklarazioa ez entzutea eskatu dio defentsak epaileari, eta epaileak aretotik ateratzeko baimena eman die, ezohiko erabakia hartuta. Horrenbestez, epaileak ez ditu guardia zibilen deklarazioa entzutera behartu.
Guardia zibilak oholtzara igo direnean, 36 auzipetuak aretotik atera dituzte. Inkomunikatuta izan zituztenean tratu txarrak eman zizkietela salatu zuten gazte gehienek (30).
Torturak salatu zituzten auzipetuak, eta uste dute gaurko keinuarekin, "sinesgarritasuna" eman diela epaileak salaketei.
Gazteek esan dutenez, "epailearen jarrerak baieztatzen du berak ere badakiela torturatu gintuztela".
Gaur gazteen ordezkariek adierazi dutenez, horiena "ez da kasu isolatua". "Ez dugu eskatzen guk esandakoa sinistea, aldarrikatu nahi duguna da Espainiako Estatuak ez dituela prebentzio neurriak hartzen tortura kasuak ez gertatzeko", azaldu dute.
Gaurko saioan, 'Stop tortura' leloa idatzita zuten kamisetak zituzten jantzita auzipetuek.
Guardia zibilen deklarazioa
Auzipetuak areto kanpoan zirela hasi dira, horrenbestez, guardia zibilak lekuko gisa deklaratzen. Agenteetako batek galdeketak "presio barik" egin zituztela azpimarratu du, eta gainerakoek "bai" edo "ez" soilekin erantzun diete abokatuek egindako galderei. Denek ukatu dute torturak egin izana. Hala, espero baino laburragoa izan da goizeko saioa.
Bi kapitain, bi tenientek eta sarjentu batek deklaratu dute gaur. Atxilotuak "bortxarik gabe" galdekatu zituztela ziurtatu dute guztiek. Gainera, auzitegiko medikuek akusatuak aldian-aldian aztertu zituztela esan dute guardia zibilek
Ainara Bakedano auzipetuaren eskubideak urratu zituztenik ukatu du Guardia Zibileko kapitainak.