Politika -
Okerrera egin du
Uribetxeberria ez espetxeratzea aholkatu dute auzitegiko medikuek
Auzitegiko medikuen arabera, preso ohiaren "minbiziak okerrera egin du" eta "gaixoak behar duen tratamendua jarraitzeko kartzela tokirik aproposena izatea" baztertu dute.
Erredakzioa
Josu Uribetxeberria Bolinaga preso ohiaren egoera aztertu dute Auzitegi Nazionaleko medikuek. Auzitegiko medikuen hitzetan, Uribetxeberriaren "minbiziak okerrera egin du, " eta "gaixoak behar duen tratamendua jarraitzeko kartzela tokirik aproposena izatea" baztertu dute.
Auzitegi Nazionaleko Medikuntza Institutuko auzitegiko bi medikuk egin dute txostena Donostia Ospitaleko historia klinikoa aztertu ostean. Era berean, Zaballako (Araba) espetxea aztertu dute tratamendua bertan jarraitzeko aukera duen baloratzeko.
Horregatik, "baimena eskatu eta gero", auzitegiko medikuak iragan irailean ospitalera joan ziren, preso ohiak kontsulta zuen egun berean.
Okerrera egin du
Ospitaleko talde medikoak emandako informazioaren arabera, "objetiboki preso ohiaren eritasunak okerrera egin du".
Orain arte gaixoak jarraitu duen tratamenduaren "eraginkortasun eza" jakinarazi zien talde medikoak auzitegiko medikuei. Beste botika bat hartzea gomendatu diote, nahiz eta "albo-ondorio ugari eta garrantzitsuak eragin".
Jose Luis Castro Auzitegi Nazionaleko Espetxe-zaintzako epaileak auzitegiko bi medikuei txostena eskatu zien iragan uztailean; izan ere, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak "txosten zehatz" bat eskatu zuen.