Politika -
Ebazpena
Nafarroako Parlamentuak ospitaletako koordainketa arbuiatu du
UPNk, PSNk, Bilduk, Aralar-Nabaik eta Ezkerrak aldeko botoa eman dute. Sozialisten ekimena babestu ez duen talde bakarra PPN izan da.
Erredakzioa
Nafarroako Parlamentuko alderdi guztiek, PPNk izan ezik, ospitaletako botiken koordainketa berria errefusatzeko ebazpena onartu dute. Horrela, Nafarroako Gobernuari koordainketa arbuiatzeko eskatu dio Ganberak.
Ebazpena UPN, PSN, Bildu, Aralar-Nabai eta Ezkerraren aldeko botoekin onartu dute. Horrela, "ospitaletako botiken finantziazioa aldatu duen ebazpena berehala bertan behera uzteko", eskatu dio Nafarroako Parlamentuak Osasun Ministerioari.
Gainera, "beste erkidego batzuetako gobernuek egin bezala, ebazpena Foru Erkidegoan aplikatuko ez dela publikoki aldarrikatzeko", eskatu diote Nafarroako Gobernuari.
Aplikazioa derrigorrezkoa izango balitz, "PPren neurriak bidegabe zigortzen dituen gaixoei ordaintzeko formula posibleak bilatzea", eskatu diote Nafarroako Exekutiboari.
Helegitea
Era berean, "Espainiako Gobernuaren ebazpenaren aurka helegitea aurkezteko", eskatu diote Nafarroako Gobernuari, "beste erkidego batzuek egingo duten bezala, neurria bidegabea delako". UPNk ez du puntu hori babestu.
Koordainketa "bidegabea eta ankerra" dela dio sozialistek bultzatutako ebazpenak, pazienteen "eskubideen" aurka egiten duelako; eritasun "kronikoak edo larriak" dituzten gaixoen kontra doalako.