Politika -

Epaiketa, Auzitegi Nazionalean

Herriko Tabernen auziko 10 akusatuk ETAri lagundu izana ukatu dute

36 auzipetuetako bi, Josu Iraeta eta Jose Antonio Egido, epaiketatik kanpo utzi dituzte, defentsak hala eskatuta, leporatu zizkieten ustezko delituak preskribatuta baitzeuden.

Auzitegi Nazionaleko epaiketaren saio bat. Argazkia: Efe.
Auzitegi Nazionaleko epaiketaren saio bat. Argazkia: Efe.
Auzitegi Nazionaleko epaiketaren saio bat. Argazkia: Efe.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur Auzitegi Nazionalean, ETAk Herriko Tabernen bidez ustez jasotako finantziazioaren harira egiten ari diren epaiketan, deklaratu duten hamar akusatuek inoiz talde armatuari lagundu izana edo harengandik zein haren inguruko talde batengandik aginduak jaso izana ukatu dute.

Epaiketaren hirugarren jardunaldian egin dituzte adierazpen horiek, Herriko Tabernen bitartez ETA finantzatu izana leporatuta epaitzen ari diren 34 lagunetako hamarrek.

Hamar auzipetuek (epaileak zortzi urteko zigor bana eskatzen du haientzat, talde terroristari lagundu diotelakoan) ez diete akusazioen (Fiskaltza, Terrorismoaren Biktimen Elkartea eta Dignidad y Justicia) galderei erantzun; bai, ordea, defentsako abokatuenei.

Juan Ignacio Lizaso akusatuak Euskal Herriko Herriko Tabernak koordinatu izana ukatu du, eta Euskal Herritarrok alderdiaren arlo ekonomikoan lan egin zuela argitu du.

Herriko Tabernak irabazi asmorik gabeko elkarteek kudeatzen dituzte, Lizasoren arabera, eta horietako batzuetan, eredu independentista eta ezkerzale batekiko parekotasun ideologikoak bultzatuta, ezker abertzaleko militanteak zeudela adierazi du.

Patxi Abengoak, beste auzipetu batek, Bizkaiko Herriko Tabernak koordinatu izana ezeztatu du, eta bera ere Euskal Herritarrok alderdiarentzat lan egin zuela baieztatu du.

Jaione Intxaurraga akusatuak Nafarroako Herriko Tabernak koordinatu zituen akusazioa baztertu du, eta 1999 eta 2002 urteen artean, Euskal Herritarroken Legebiltzarreko taldearen idazkari izan zenez gero, bilerarik bilera ibili zela esan du.

Enrique Alaña akusatuak "inoiz" ez dela ETAren inguruko inorekin bildu esan du gaurko saioan; halaber, taldeko inor ez dela berarekin harremanetan jarri ere esan du.

Bi akusatu epaiketatik kanpo, ustezko delituek preskribatu dutelako

Angel Hurtado epaimahaiko presidenteak defentsek egindako eskaria aintzat hartu, eta, ondorioz, 36 akusatuetako bi epaiketatik kanpo utzi ditu, leporatu zieten ustezko delitua, talde terroristako kide izatea, preskribatuta baitago.

Saioaren hasieran, Hurtadok erabakia jakinarazi die Josu Iraeta eta Jose Antonio Egidori. Hamar urteko kartzelaldia eskatu zuten aurretiaz haientzat.

"Epaiketa bukatu egin da zuentzat", esan die magistratuak bi auzipetuei, akusatuen aulkitik altxatu eta aretotik atera zitezkeela adierazi aurretik.

Fiskalak ere onartu zuen defentsaren eskaria lehenago: 2002an, afera ikertzen hasi zirenean, haiei leporatutako delituak preskribatuta zeudela argudiatu zuen defentsak, hamar urte baino gehiago eginda baitzituzten ordurako "ETAri lotutako plataformetatik" kanpo.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea