Politika -

2014ko aurrekontuak

'Diru gehiago izango da Hezkuntzan, Osasunean eta Babes Sozialean'

Estatus politiko berriari dagokionez, lehendakariak ez dio "inola ere" uko egiten 2015. urtean galdeketa egiteari.

Iñigo Urkullu (esk) eta Andoni Ortuzar, Bilbon emandako prentsaurrekoan. Efe.
Iñigo Urkullu (esk) eta Andoni Ortuzar, Bilbon emandako prentsaurrekoan. Efe.
Urtebete igaro da EAJk hauteskundeak irabazi zituenetik

1:26

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2014ko Aurrekontuetan, Hezkuntza, Osasuna eta Babes Soziala "aurrekontu handiagoa" izango duten lehen sailak izango direla iragarri du Iñigo Urkullu lehendakariak.

EAJren zuzendaritza Bilbon bildu da larunbat honetan, 2014ko "erronken" inguruan hitz egiteko, hauteskunde autonomikoak irabazi zituztenetik urte bat betetzear denean.

Urkulluk iragarri duenez, Jaurlaritzak urriaren 29an onartuko du aurrekontuen proiektua, eta egun horretan bertan Legebiltzarrari helaraziko dio.

Lehendakariaren arabera, aurten "aurrekontu zorrotzak eta finkapen fiskala" ezarri ostean, 2014ra begira egoerak "itxura hobea" du eta urtea bukatu baino lehen "lanpostuak sortzeko bidean izango gara, ziurrenik".

ETAri buruz: "Ez dago atzera bueltan egoteko arriskurik"

Bestalde, eta bake prozesuak bizi duen "blokeo egoera"ri dagokionez, ETAk indarkeria uzteko bere erabakian "atzera egiteko" arriskurik ez dagoela esan du Iñigo Urkulluk. Hala ere, ETAri armak emateko prozesua hasteko eskaera egin dio.

Lehendakariaren ustez, "gizarteak presioa egiten du" atzera pausorik ez egoteko, nahiz eta presio hori "agerikoa ez izan". Presio horrek "eragin zuzena du ezker abertzaleak politikarekin eta erakundeekin egindako konpromisoan", azpimarratu du.

Hala ere, bake prozesuan aurrerapausorik eman ez dela onartu du lehendakariak: "duela bi urte itxaropen handiak sortu ziren eta orain prozesua blokeatuta dago". Baina Urkulluk ez du zehaztu prozesu horretako lehen pausoa nork eman behar duen;  ETAri eta Gobernuari neurriak hartzeko eskatu die.

Estatus politiko berria

Estatus politiko berriari dagokionez, lehendakariak ez dio "inola ere" uko egiten 2015. urtean galdeketa egiteari.

Ildo beretik, eta Kataluniako aldebakarreko adierazpenen aurrean, Urkulluk "autogobernuaren bidean pausoz pauso" joatearen alde egin du "ahalik eta subiranotasun handiena lortu arte".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea