Politika -

Diputatuen Kongresua

EAJk atzera bota du erreforma lokalari aurkeztutako osoko zuzenketa

EAJk eta PPk akordioa lortu dute, eta trukean, administrazio lokalen arloan azken hitza Diputazioek izatea onartu du Espainiako Gobernuak.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken orduan EAJk atzera bota du erreforma lokalari aurkeztutako osoko zuzenketa PPrekin akordio bat lortu ostean, Aitor Esteban EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak azaldu duenez.

Estebanen esanetan, azken egunotan Gobernuarekin negoziatzen aritu dira, eta osoko zuzenketa erretiratzearen truke administrazio lokalen arloan azken hitza Diputazioek izatea onartu du Espainiako Gobernuak.

Hala, Espainiako Gobernuak bi zuzenketa gehituko ditu bere erreforma proposamenean, foru gaiei erreferentzia egiten dien bat eta diputazioei tutoretza finantzarioa aitortzen dien beste bat. "Horiek EAEren ezaugarri berezietara egokituko dira", azaldu du.

"Diputazioek Espainiako administrazioetako funtzionarioen izendapenean parte hartu ahal izango dute, eta baita korporazio lokaletako kideen soldata-masa egokitzeko prozesuan ere", gaineratu du.

Desadostasunak PPrekin

Alderdi Popularrarekin akordioa lortu badute ere, oraindik ere popularrekin hainbat desadostasun dituztela nabarmendu du Estebanek, esaterako, mankomunitateen gaian edo eskumenen auzian.

Edonola ere, Gobernua hizketan jarraitzeko prest agertu dela gaineratu du. Estebanen iritziz, bi alderdien artean hurbiltze bat posible dela erakutsi du gaurko akordioak.

Montoro: 'Urtebetean administrazio lokalak finantzatzeko sistema berria izango dugu'

Cristobal Montoro Espainiako Ogasun eta Administrazio Publikoetako ministroak azaldu duenez, Gobernuak urtebetean administrazio lokalak finantzatzeko sistema berria izan nahi du. Horren esanetan, 2012an superabita izan duten administrazio bakarrak izan dira horiek, eta 2013an ere joera hori errepikatuko dela iragarri du.

EAJri eskerrak eman dizkio azken orduan osoko zuzenketa erretiratzeagatik, eta gainerako alderdiekin hitz egiten jarraitzeko prestutasuna agertu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea