Politika -
Ekitaldia Donostian
Aznar: 'Subiranotasun nazionalaren lapurreta amaitu behar da'
Nahiz eta gainerako alderdiek "naturaltasun osoz hartu", Garitano eta Izagirre "Bildu-etarrak" direla salatu du Maria San Gil Euskadiko PPren presidente ohiak.
Erredakzioa
"Abertzaleak egiten ari diren subiranotasun nazionalaren lapurretari amaiera eman behar diogu", ohartarazi du Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidente ohiak. "Espainiako errealitate nazionala berretsi behar da", Aznarren esanetan, "herritar aske eta berdinen komunitatea arbuiatzen dutenen desitxuratze barregarrien aurrean".
"Konstituzioa irmo berresteko buruzagitza" erakundeetan aurkitu behar du gizarteak, Aznarrek Donostian egindako adierazpenen arabera. Presidente ohiaren hitzetan, Espainiak "zalantzarik gabeko errealitate juridiko sendo bat izan behar du".
Cuando la maldad golpea. Testimonios de superación personal de víctimas del terrorismo liburuaren aurkezpenean egin ditu adierazpen horiek Aznarrek. Liburua Villacisneros Fundazioak argitaratu du. Besteak beste, Maria San Gil Euskadiko PPren presidente ohiak eta Angeles Pedraza Terrorismoaren Biktimen Elkarteko (AVT) presidenteak hartu dute parte ekitaldian.
Biktimen papera aldarrikatu du Aznarrek, edozein parekatze arbuiatu du, eta terroristei "legea zorrotz" aplikatzea eskatu du.
"Bildu-etarrak"
Nahiz eta gainerako alderdiek "naturaltasun osoz" eta "demokrata gisa hartu", Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea "Bildu-etarrak" direla salatu du Maria San Gil Euskadiko PPren presidente ohiak.
"Hitz egin, adostu, elkarrizketak ematen dituzte, eta nik esango nuke elkarrekin tragoxka batzuk hartzen dituztela", esan du San Gilek. "Itun fiskal gutxiago eta akordio politiko gehiago", eskatu ditu PPko buruzagi ohiak, "benetan axola zaiguna duintasun morala delako". "EAJ, PSE eta PP ez daude lanean behar den tokian", gaineratu du.