Politika -

Elkarrizketa, Radio Euskadin

Eguiguren: 'Isiltasun handia egon da GALen aurrean'

PSE-EEko presidentearen aburuz, GALen hilketek "zilegitasuna" eman zioten ETAri, "horren munduaren barruan".

Jesus Eguiguren PSE-EEko presidentea. EiTB
Jesus Eguiguren PSE-EEko presidentea. EiTB
Jesus Eguiguren PSE-EEko presidentea. EiTB

David Perez | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"ETArekin gertatu den bezala, GALen aurrean ere hainbat urtez isiltasun handia" egon dela deitoratu du Jesus Eguiguren PSE-EEko presidenteak "Boulevard" Radio Euskadiko saioan egindako elkarrizketa batean.

Gaur 30 urte dira GALek Joxean Lasa eta Joxi Zabala hil zituela. Horren harian, "GALena Espainiako demokraziaren pasarte triste bat" izan zela esan du buruzagi sozialistak.

Horren esanetan, Euskadin "lauzpabost talde terrorista izan ditugu aldi berean, eta hori oso leku gutxitan gertatu da". Dena dela, "GALen aroa" ez dela existitu iritzi dio: "Frankismoaren garaitik, Estatuaren sektore batzuk legez kanpo aritu izan ziren, eta hor jarraipen bat eman zen".

PSE-EEko presidentearen hitzetan, GALen hilketek "zilegitasuna" eman zioten ETAri, "horren munduaren barruan", baina ez du uste indartu zutenik, "ETA ordurako indartsua zelako".

Euskadi, "oasi bat"

Bestalde, ETAren indarkeria bukatu zenetik bi urte betetzear daudela, Euskadi "oasi bat" dela nabarmendu du Eguigurenek: "Espainiaren, hots, gainbeheran dagoen herrialde baten barruan dagoen oasia da Euskadi".

Horren ildotik, "bizikidetza, erakundeei errespetua, bakea eta lasaitasuna" dauden leku bakarra dela gaineratu du.

"Adiskidetzearen eta bizikidetzaren kontu horiek gaindituta daude jada", esan du.

"Patxi Lopezek irabaziko lituzke barne hauteskundeak"

PSOE berriz eraikitzeko prozesuari dagokionez, sozialista guztiek "Felipe Gonzalez itzultzea" nahi dutela adierazi du Eguigurenek. Nolanahi ere, horren aroa pasatu egin dela esan du.

Testuinguru horretan, PSOEn barne hauteskundeak egingo balituzte, "Espainian babes gehien" lortuko lituzkeen hautagaia Patxi Lopez lehendakari ohi eta PSE-EEko idazkari nagusia izango litzatekeela iritzi dio. "Patxi Lopez aurkezten bada, Patxi Lopezek irabaziko du", aurreratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea