Politika -

Elkarrizketa

Joxi Zabalaren ama: 'Denak libre daude, baina etorriko zaie'

Feli Artano Joxi Zabalaren amak elkarrizketa hunkigarria eskaini dio Euskadi Irratiari, bere semea hil zutenetik 30 urte bete direnean.

Feli Artano, Joxi Zabalaren ama. Euskadi Irratia.
Feli Artano, Joxi Zabalaren ama. Euskadi Irratia.
Feli Artano, Joxi Zabalaren ama. Euskadi Irratia.

IKER GOMEZ / EITB.COM

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joxi Zabala eta Joxean Lasa hil zituztenetik 30 urte bete direnean, Zabalaren amak, Feli Artanok, elkarrizketa hunkigarria eskaini dio Euskadi Irratiari.

Besteak beste, Galindo jenerala aske utzi dutela jakin zuenean sentitutakoa adierazi du Feli Artanok aipatu elkarrizketan: "Denak libre daude... Baina, zer da hau? Jainkoa baldin badago, berak zigortuko ditu, nik ezin ditut zigortu, baina etorriko zaie", adierazi du.

Feli Artanok (82 urte) gogoratu du "hiru hilabete" eman zituztela Lasa eta Zabala "torturatzen" hil aurretik. 30 urte hauetan "asko sufritu" duela esan du, eta bere semea oso "maitekorra eta ona" zela azpimarratu du.

Baionan hainbatetan elkarrekin emandako egunak eta amaren eta semearen arteko agurrak nolakoak izaten ziren gogoratu ditu Zabalaren amak: "Zu lasai ama, hau aldatu egingo da...", esaten zion.

Alacanten hil zituztela "irratian" entzun zuelako jakin zuela azpimarratu du, eta egun horretan bere semea "oraindik bizirik" ikusi nahi zuela esan du Feli Artanok. "Ez genuen jakin nahi hilda zeudenik", adierazi du.

Gorpuzkinak aurkitu eta "hezurrak" ikustera joan ziren eguna ere gogoratu du Zabalaren amak. "Eskua berak izaten zuen keinuarekin zeukala iruditu zitzaidan. Puntu hori atera nion, ez zegoen besterik ateratzerik".

"Biktimak" direla aldarrikatu du Feli Artanok, eta sufrimendua pairatzeko botikarik ez duela hartu nabarmendu du.

Semeari oraindik ez diola "agurrik" esan nabarmendu du, eta "askotan" harekin amets egiten duela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea