Politika -

Bake eta Bizikidetza Plana

Bakegintzako adituek eremu pluralak sortzea iradoki dute

Lehendakariak jaso du Bake eta Bizikidetza Planari nazioartean egin dioten lehen hausnarketa txostena. “Biktimen ahots pluralak” jasoko dituen eremuak sortzea iradoki dute AEBko bakegintza adituek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBko hainbat unibertsitateetako bakegintzako adituek Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako Bake eta Bizikidetza Planaren inguruko hausnarketa txostena egin dute. Bertan, "biktimen ahotsa plurala" jasoko dituen eremuak sortzea iradoki dute. Izan ere, "biktimen istorioen bidez, gizartearen adiskidetzea bultzatu nahi da".

Lehendakariak gaur jaso du Bake eta Bizikidetza Planari nazioartean egin dioten lehen hausnarketa txostena. Iñigo Urkulluk azaldu duenez, Europako instituzioei eta erakundeei ere Bake Planaren inguruko iritzia eskatu die eta, azaroko Gobernu kontseiluan onartuko den behin betiko txostenean, iritzi guztiak aintzakotzat hartuko dituela gaineratu du.

New Yorken ezagutzera eman den txostena ondorengo irakasleek egin dute:  Andrea Bartoli (Seton Hall University), Borislava Manojlovic (Seton Hall University), Peter Coleman (Columbia University), Susan Allen (George Mason University), Paul Hoyt-O'Connor (George Washington University) eta Pamela Aall (USIP).

Bestalde, bakegintzako adituek, "goraipatzeko" modukoa jotzen dute Planak "adostasuna, elkarbanatzea eta elkarlana" azpimarratzea, bultzada emateko bide gisa.

Halaber, lehiakortasuna alde batera utzita elkarlana eta adostasuna bultzatuko dituen pentsamolde-aldaketa zein eremu politiko-sozialek bideratuko lukeen zehazteko hausnarketa proposatzen dute adituek.

2013-2016 legegintzaldirako bakea behin betiko ezartzea eta bizikidetza normalizatu baterako oinarriak ezartzea dira Urkulluren Planaren helburuak.

Horretarako, bi bide nagusi proposatzen ditu: bide politikoa; Legebiltzarreko Bake Lantaldean, bizikidetzaren alde, urrats txikiak emateko hiru testu proposatuta, eta bide soziala; prozesuan zer esana duten eragileen parte hartzea bultzatuta.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea