Politika -

Alkateen konferentzia

Terrorismoaren biktimak alkateen konferentziaren aurka agertu dira

Lore eskaintza egin dute Alderdi Ederren dagoen monolitoan eta konferentziako partaideei eskutitzak eman dizkiete.

Biktimek Alderdi Eder lorategian egin duten lora eskaintza. Argazkia: EFE
Biktimek Alderdi Eder lorategian egin duten lora eskaintza. Argazkia: EFE
Lore eskaintza egin dute terrorismoaren biktimen oroitarriaren aurrean

1:16

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAko biktimen Tokiko Foroak bilkura egin du alkateen bake konferentziaren aurka. Biktimak aintzat hartzeko eskatu dute Donostiako Alderdi Eder lorategian egin duten lore eskaintzan. Covitek, bestalde, partaideei eskutitzak eman dizkie. Horietan terrorismoa gaitzesten ez dutenek bultzatutako bakea "duintasunik gabea, moralik gabea eta hutsala" dela salatu dute.

Tokiko Foroak lore eskaintza egin du Alderdi Eder lorategian dagoen monolitoan eta alkateen bake konferentzia kritikatu dute. Barbara Drhkop Enrique Casasesn alargunak adierazi duenez, "ez dituzte bitkimak aintzat hartu eta Donostian terrorismoaren eraginez 100 lagun baino gehiago hil direla jakin behar dute partaideek".

"Hilketa ez da inoiz preskribitzen. Beti dago biktimen memorian; baita tortura eta gabezia ere", adierazi du. "Kasu egitea nahi dugu, existitu garela kontuan izatea eta egin diguten mina aitortzea", amaitu du.

Bilkuran Caty Romero Alfonso Morcillo udaltzainaren alarguna, Pilar Elias UCDko Ramon Baglietoren alarguna, Froilan Elespe zinegotzi sozialistaren alaba bat eta Gorka Landaburu kazetaria ere izan dira. EAJ, PSE eta PPko udal ordezkariek ere parte hartu dute lore eskaintzan. EH Bilduko ordezkaririk ez da izan.

Eskutitzak partaideei

Covite ere bake foroaren aurka agertu da eta Aieteko Jauregira joan da partaideei ekimenaren inguruko "ikuspuntua" jasotzen duten eskutitzak emateko. 200 eskutitz baino gehiago jaso ditu udal ordezkari batek eta partaideei emateko konpromisoa hartu du.

Laura Martin Juan Carlos Garcia Goenaren, GALen azken biktima, alargunak adierazi duenez, "hiltzaileak zuritzen dituztenek, hilketak gaitzesten ez dutenek bultzatzen duten bakea, duintasunik gabeko eta moralik gabeko bakea izango da, bake hutsala izango da".

"Ez dugu onartuko gure senideak arrazoi noble batengatik hil zituztela oraindik ere defendatzen dutenak, nazioartean ulertzen ez dituzten bakezala bezala aurkeztea", gaineratu du.

"Duintasuna, memoria eta justizia nagusi izango den eszenatoki bat eraikitzearen" alde agertu da elkartea.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea