Politika -

Nazioarteko konferentzia

Nazioarteko alkateen bake-konferentzia, gaurtik Donostian

Mundu osoko hainbat alkatek udaletatik bake-prozesuei egin ahal zaizkien ekarpenak aztertuko dituzte gaur eta bihar.

Aieteko Jauregia; bertan egingo dute bake konferentziaren harrera ekitaldia. EiTB
Aieteko Jauregia; bertan egingo dute bake konferentziaren harrera ekitaldia. EiTB
Aieteko Jauregia; bertan egingo dute bake konferentziaren harrera ekitaldia. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mundu osoko hainbat alkate, aholkulari eta aditu batzartuko dira gaur eta bihar Donostian, udaletatik bake-prozesuei egin ahal zaizkien ekarpenak aztertzeko, Bilduk sustatutako "Bakea Tokian-tokian Eraikitzen" bake konferentziaren baitan.

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak kolore guztietako alderdiek bat egitea nahi zuen, baina PPk eta PSE-EEk errefusatu egin dute. Sozialisten aldetik, Jose Antonio Santano Irungo alkatea baino ez da joango, baina bere izenean.

Izagirrek Iñigo Urkullu lehendakaria ere gonbidatu zuen, baina agintaria AEBn dago egunotan, bidaia ofizialean. Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzak Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria eta Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkaria bidaliko ditu ekitaldira.

EAJk ere ordezkaritza bat bidaliko du, hasieratik konferentziaren aurrean mesfidantza agertu badu ere. Horren ildotik, deialdia ETAk "keinuak" egiteko aitzakia ez izatea espero duela esan du Eneko Goia jeltzaleek Donostian duten bozeramaileak.

Konferentziaren harrera ekitaldia Aieteko Jauregian egingo dute, gaur goizean. Lehen hizlaria Mairtin O Muilleoir Belfasteko alkatea izango da. Gatazka bat konpondu eta gero hiriek dituzten erronkak azalduko ditu, hain zuzen ere.

Bi egun hauetan, Palestinako, Saharako, Kurdistango, Korsikako, AEBko, Frantziako, Kolonbiako eta El Salvadorreko hainbat alkate arituko dira, mahai-inguruetan eztabaidatzen. Besteak beste, Jorge Tapiak, Salvador Allende Txileko presidente zenaren Justizia ministro ohiak, hartuko du parte.

Euskal gatazka gaur arratsaldean aztertuko dute Elgoibarko, Errenteriako eta Irungo alkateek, hau da, Alfredo Etxeberriak (EAJ), Julen Mendozak (Bildu) eta Jose Antonio Santanok (PSE-EE).

Konferentziaren partaideek ez dute adierazpenik adostuko, eta ez diete inolako deirik egingo ETAri eta Espainiako Gobernuari. Izan ere, helburua "gatazka politikoa duten hirien esperientziak partekatzea eta ezagutzea" dela azaldu du Izagirrek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea