Politika -
Euskadi Nazioartean
Bakeak dakarren aukera ekonomiko berria nabarmendu du Urkulluk AEBn
Urkulluk AEBko agenda ofiziala abiatu du Ipar Amerikan dauden 60 euskal enpresetatik 18rekin bildu ostean, eta egoera politiko berria izan du hizpide.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak, AEBn dauden euskal enpresa nabarmenen aurrean, epe laburrean "behin betiko bakeak" arlo ekonomikoan zabalduko dituen "aukerak" azpimarratu ditu; halaber, ziur agertu da, "terrorismoa bereziki pairatu dutenen aurrean", ETA Euskadiren "nazioarteko irudirako oztopo izan dela".
Urkulluk AEBko agenda ofiziala abiatu du Ipar Amerikan dauden 60 euskal enpresetatik 18rekin bildu ostean, Eusko Jaurlaritza-Basque Country Estrategia aurkeztu du bertan, eta euren ekimenak partekatzera gonbidatu ditu, euskal ekoizpen sarea zabaltzeko asmoz.
Arantza Tapia Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun sailburuarekin eta Joan Igancio Motiloa sailburuordearekin batera, Aernova, CAF, Elecnor, Elektra, Etxe-Tar, Fagor Automocion, Gamesa, Gestamp, Danobat, Iberdrola, IFC, Ingeteam, Lointek, Mondragon, Ormazabal/Velatia, Salto Systemes, eta Tubacex enpresetako ordezkariak izan dira mahai-inguru batean.
Lehendakariak Euskadiko egungo egoera izan du hizpide, eta erakunde artekoen egoera eta egoera sozialaren, ekonomikoaren eta politikaren "argiak eta itzalak" nabarmendu ditu. Itxaropentsu egoteko moduko elementuen artean, "bakea izateko aukera" azpimarratu du, ziur baitago terrorismoa "Euskadin giza oztopo" izateaz aparte, "nazioarteko irudiarentzat eta Euskadik atzerrian izan zitezkeen aukerentzat ere oztopo" izan dela.
Urkulluren ustez, "argi izpi" horiekin etorkizunari "itxaropen eta ilusio berri batekin aurre egiten zaio, arlo ekonomikoan ere bai, terrorismoa gehien pairatu duenetako bat: behin betiko bakea izateko aukera etorkizun hurbilean".
"Baliteke aurten atzeralditik irtetea, eta 2014ean susperraldia hastea, ez behar beste enplegua sortzeko moduan, baina bai pairatzen ari garen langabezia eteteko".
2015. urtea izango da, lehendakariaren aburuz, enplegua sortzeko moduko hazkundea izango duena.