Politika -
Elkarrizketa
Jaurlaritza: 'PSEk lehentasuna izango du Aurrekontuen negoziazioan'
Hitzarmenak sozialistei nolabaiteko “lehentasuna” ematen diela esan du sailburuak, baina, era berean, PSE-EEk ere “betebehar batzuk” izango dituela, tartean “erreforma fiskala aurrera eramatea”.
Erredakzioa
EAJk eta PSE-EEk sinatu berri duten itun fiskalaren ondorioz, 2014ko Aurrekontuak negoziatzerako orduan sozialistek “nolabaiteko lehentasuna” izango dutela esan du gaur Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun eta Finantza sailburuak. Hala ere, datorren urteko Aurrekontuak oraindik “itxi gabe” daudela nabarmendu du. Aurrekontuak Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztiekin negoziatuko dituztela gaineratu du.Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan, Gatzagaetxebarriak adierazi du "egia" dela itun ekonomiko eta fiskala sozialistekin sinatu ondoren Jaurlaritzaren eta PSE-EEren artean "konfiantza giroa" sortu dela. "PSErekin dugun erlazioa estuagoa da orain", gaineratu du."Hori egia da, baina horrek ez du esan nahi dagoeneko Aurrekontuak PSE-EErekin adostuta izatea. Aurrekontuak aurkezten ditugunean hasiko da negoziatzeko epea, eta ez gara PSE-EErekin bakarrik eseriko; talde guztiekin negoziatuko ditugu", berretsi du.Sailburuak azaldu duenez, EAJ-PSE itunak "konpromiso" batzuk ekarriko dizkio Eusko Jaurlaritzari. Hitzarmenak sozialistei nolabaiteko "lehentasuna" ematen diela esan du sailburuak, baina, era berean, PSE-EEk ere "betebehar batzuk" izango ditu; tartean, "erreforma fiskala aurrera eramatea".Gatzagaetxebarriaren arabera, "normala da aurreneko erlazioak eurekin izatea, ekonomia berpizteko eta fiskalitatea aldatzeko hitzarmena eurekin daukagulako", eta datorren urteko Aurrekontuak 2013koak baino "handiagoak" izango direla aurreratu du.