Politika -

Herriraren aurkako operazioa

ELA eta LAB, Herrirako atxilotuen askapenarekin pozik

Eguerdian, sindikatuek deituta egindako bilkuretako batean, Adolfo Muñozek (ELA) Estatuaren "muturreko" jarreraren aurrean eragile politiko, sozial eta sindikalak "ezkutatu" ezin direla esan du.

Bilbon egindako kontzentrazioa. Argazkia: Efe.
Bilbon egindako kontzentrazioa. Argazkia: Efe.
Sindikatuak, Herrira mugimenduarekin bat eginda

1:15

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU, CGT eta CNT sindikatuak, Herrirako kideen atxiloketaren kontra lantokietan eguerdian egin diren kontzentrazioen deitzaileak, pozik agertu dira gaur, astelehenean presoen eskubideen aldeko elkartearen aurka egindako operazioan atxilotu zituzten 18 pertsonak askatu eta gero. Hala ere, "arrazoirik gabeko" ekintza honek "eskubide zibilen urraketen zerrenda" luzatu izana deitoratu dute.

Sindikatu horiek deitutako kontzentrazioetako batean, Adolfo Muñozek (ELA) Estatuaren "muturreko" jarreraren aurrean eragile politiko, sozial eta sindikalak "ezkutatu" ezin direla esan du. Estatuak "agenda mediatikoa" aldatzeko erabili ditu presoen eskubideak, "argi eta garbi", Muñozen ustez.

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak ere "atxilotuak etxean daudelako" pozik daudela baieztatu du, baina hain zuzen horretxek, dagoeneko etxean egoteak, "justifikatzeko are zailagoa" egiten du Guardia Zibilak astelehenean elkartearen egoitzetan egin zuen operazioa, Etxaideren ustez.

"Operazioak helburu argia zuen: hemen gaude eta ez diogu errepresioari uko egingo esatea", adierazi du LABeko buruzagiak, Estatua haren iritziz gauzatzen ari den estrategiari buruz.

"Eskubideak dituzten pertsonak"

ELAko buruzagiak presoak "eskubideak dituzten pertsonak" direla esan du, eta haien "aldarrikapenak" bere egin ditu. Gainera, "presoen eskubideak defendatzeko" antolatzeko eskubidearen alde egin du; izan ere, "Auzitegi Nazionalak hori urratu du".

"Ez dugu dudarik Espainiako Estatuan defizit demokratikoak daudela, baina Gobernuak oso ondo daki botere judizialaren kontrola duela eta egin berri duena bezalako gehiago egin ditzakeela", Etxaideren hitzetan.

Larunbateko manifestazioa

Horren guztiaren ondoren, sindikatuek gizarteari dei egin diote, larunbatean kalera irten eta Herriraren kontrako operazioa salatzeko deituta dagoen manifestazioan parte har dezan, "hori baita Estatuak herrialde honentzako irtenbidea gelditzeko helburu politikoan porrot egiteko modua".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea