Politika -

SINDIKATUEN DEIALDIA

Elkarretaratzeak ostiralean, Herriraren aurkako operazioaren kontra

ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU, CGT eta CNT sindikatuek lantoki aurrera ateratzeko deia egin dute, Herriraren kontrako polizia operazioa dela eta. 12:00etatik 12:30era izango dira.

Lanuztearen berri emateko prentsaurrekoa
Lanuztearen berri emateko prentsaurrekoa
ELAk eta LABek elkarretaratzeak iragarri dituzte ostiralerako

0:47

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU, CGT eta CNT sindikatuek elkarretaratzeak deitu dituzte ostiralerako, 12:00etatik 12:30era, Euskal Herriko lantokietan, "Herrira presoen eskubideen aldeko elkartearen aurkako polizia operazio bidegabearen aurka".

ELAko eta LABeko idazkari nagusiek, Adolfo Muñozek eta Ainhoa Etxaidek, "gaitzespen irmoa" erakutsi dute, protesta deitu duten sindikatu guztien izenean, "astelehenean 18 pertsona atxilotzea ekarri zuen erabaki politikoaren aurrean".

"Herritarren eskubide zibilen aurkako eraso zuzen honen aurrean, norberarentzat eta gainerakoentzat sufrimendurik nahi ez duten horiei dei egiten diegu, demokratikoki larunbateko manifestaziora eta ostiraleko lanuztera batu daitezen, indarrak metatuz gure herrian hasitako prozesu politikoa baldintzatzeko", Muñozek esan duenez.

Halaber, sindikatuek atxilotuak "berehala" aske uzteko eskatu dute, eta Herrira "gure herrian ondo ezaguna den elkarte zabal eta baketsua" dela eta "eskubide zibilen defentsan" lan egiten duela gehitu dute.

Elkarretaratzeetan parte hartzeko deia egin dute kultura eta gizarte eragileek

Bestalde, ostiral honetan "Euskal Herriko hiri eta herrietan euskal preso eta errefuxiatuen eskubideen alde egingo den olatuan" parte hartzeko deia egin dute kultura eta gizarte arloko agenteek.

Imanol Ubeda Bide Ertzean taldeko kideak eta Estitxu Eizagirre Argiako zuzendari eta kazetariak adierazpena irakurri dute, bi hizkuntzetan, Donostian eskaini duten prentsaurreko batean. Adierazi dutenez, "harro" daude Herriraren kontrako polizia operazioan atxilotutako 18 lagunak ezagutzeaz eta plataformak egindako lana "herriz herri" egiten jarraitzeko konpromisoa agertu dute.

Dozenaka lagunen babespean agertu dira Ubeda eta Eizagirre. Han izan dira, besteak beste Hernani, Astigarraga eta Lezo alkateak, Mikel Izagirre Urnietako alkate ohia, Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatua, Garbiñe Errekondo Administrazio diputatua, Ainhoa Beola Aralarko kidea, Txerra Bolinaga Eleak taldeko bozeramailea, Jon Benito idazlea, Juanba Berasategi zinemagilea, Ines Osinaga musikaria edo Mikel Astarloza txirrindularia.

Ubedaren eta Eizagirren esanetan, asteleheneko operazioa "erasoa" izan da eta "agerian utzi du euskal herritarrek ez dugula eskubide zibil edo politikorik, Espainiako Estatuak askatasun, biltzeko eta antolatzeko eskubidea mugatzen duelako".

CCOOren babesa

Euskadiko CCOO sindikatuak manifestaldian parte hartuko duela iragarri du. Guardia Zibilaren azken operazioak elkarbizitzari eta normalizazioari laguntzen ez diola uste du sindikatuak.

Ezker abertzalearen eta ELA eta LAB sindikatuen adierazpenarekin bat egin ez dutela azaldu du CCOOk agiri batean, "edukiaren zati batekin ados ez zeudelako", baina mobilizaziori babesa emateko arrazoiak ikusten ditu.

Debekua Nafarroan

Iruñean, Tuteran eta Altsasuan ostiralean egitekoak ziren elkarretaratzeak debekatu ditu Gobernuaren Ordezkaritzak, ELA, LAB, ESK, CGT, STEE, EHNE eta HIRU sindikatuek gaur salatu dutenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea