Politika -

Polizia operazioa

Herrirako 18 atxilotuak ostegunean eramango dituzte epailearen aurrera

ETArekin lotutako beste operazioetan ez bezala, atxiloaldi komunikatua ezarri diete. Atxilotuak Guardia Zibilaren aurrean deklaratzen ari dira.

Jon Garai, atzo Herriraren kontrako operazioa atxilo hartutako bat. Argazkia: EFE
Jon Garai, atxilotuetako bat. Argazkia: EFE
18 atxilotuak Madrilen daude

1:25

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak atzo Herrira plataformaren aurkako operazioan atxilotu zituen 18 lagunak Madrilen dira, eta litekeena da ostegunean eramatea Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrera. Atxilotuak Guardia Zibilaren aurrean deklaratzen ari dira gauean.

ETArekin lotutako beste operazioetan ez bezala, oraingoan atxiloaldi komunikatua agindu du epaileak. Hala, eurek aukeratutako abokatuarekin deklaratu ahal izango dute, Guardia Zibilaren eta epailearen aurrean.

Izapideak sekretupean dauden arren, Auzitegi Nazionalak jakinarazi du ostegunean eramango dituztela Eloy Velasco epailearen aurrera. Akusazioa, iturrion arabera, ETAko kide izatea, terrorismoa goraipatzea eta erakunde armatua finantzatzea izan liteke.

Jone Goirizelaia abokatuak ETBri baieztatu dionez, atxilotutako batzuen abokatu gisa jardungo du auzi honetan, baina oraindik erabakitzeko dago nortzuk ordezkatuko dituen.

Hauek dira atxilotutakoak: Amaia Esnal, Nagore Garcia, Eneko Ibarguren, Jexux Mari Aldunberri, Ekain Zubizarreta, Manu Ugartemendia, Roberto Noval, Beñat Zarrabeitia, Ibon Meñika, Jose Antonio Fernandez, Oscar Sanchez, Gorka Gonzalez, Ane Zelaia, Jon Garai, Sergio Labaien, Imanol Karrera, Eneko Villegas eta Fran Balda. Atxiloketa gehienak, hamar, Hernaniko egoitzan egin zituzten, bilera bat egiten ari ziren unean. Gainerako zortzietatik, bost Gipuzkoako beste leku batzuetan izan ziren, eta bana Araban, Bizkaian eta Nafarroan.

Operazioa, itxita

Guardia Zibilaren agenteek Bilboko, Hernaniko, Iruñeko eta Gasteizko egoitzak miatu zituzten 12 orduz. Horiek bukatuta, amaitutzat jo zuten operazioa.

EH Bilduren hainbat legebiltzarkide, tartean Laura Mintegi, Julen Arzuaga eta Xabier Isasi, Herriraren Gasteizko egoitzara bertaratu ziren, agenteei informazioa eskatzeko.

Egoitzen aurrean, jende ugari bildu zen, atxiloketak salatzeko. Hernanin eta Bilbon, Ertzaintzak babestu zuen Guardia Zibilak itxitako gunea. Espainiako agenteak joan zirenean, kargak egin zituen Ertzaintzak bi leku horietan.

Bilbon, guardia zibilak okertu egin ziren, eta Eusko Alkartasunaren (EA) egoitzan sartu dira lehenik eta behin, atea mailuka hautsiz. Hain justu, salaketa jarri ala ez aztertzen ari da alderdia.

herrira atxiloketak detenciones EFE

Guardia Zibila, Hernanin atxiloketa bat egiten. Argazkia: EFE

Erreakzioak

Jorge Fernandez Diazek "ETAren tentakulua" izatea leporatu dio Herrirari, eta ETA "desegitea" lortu arte, Espainiako Gobernuak "behar den guztia" egingo duela ohartarazi du.

Ezker abertzaleak gogor kritikatu du operazioa. Horren haritik, Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak "normalizazio politikoaren aurkako erasoa" dela esan du, eta "herri bezala erantzuna" emango dutela gaineratu du. Halaber, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak "eskandalu antidemokratiko"tzat jo ditu atxiloketak.

Bestalde, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Twitterren adierazi duenez, "Herriraren aurkako operazioa albiste txarra da, euskal gizarteak ulertzen ez duen atzerapausoa".

herrira atxiloketak detenciones EFE

Guardia zibilak, Hernaniko egoitzan. EFE

Herrira, 'Egin Dezagun Bidea' sorburu duen plataforma

Herrira iazko otsailaren 5ean sortu zen, eta, besteak beste, Rufi Etxeberria ezker abertzaleko buruzagiak eta Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari nagusiak babesa agertu zioten, Donostian egindako ekitaldi batean.

Plataforma honen sustatzaileen hitzetan, Herrirak 'Egin Dezagun Bidea' mugimenduan du sorburua, eta espetxe politika aldatzea, gaixorik dauden edota zigorraren hiru laurden bete dituzten presoak askatzea eta 'Parot doktrina' indargabetzea du helburu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea