Politika -
Herriaren kontrako operazioa
Atxiloketak salatzeko manifestazioa deitu dute larunbatean, Bilbon
17:30ean abiatuko da Casillatik. Manifestazioaren helburua, deitzaileen arabera, "Espainiako Estatuari euskal jendarteak bidegabekeria hauekiko duen sentipena helaraztea da".
Erredakzioa
EH Bilduk, ELA eta LAB sindikatuek eta hainbat gizarte eragilek manifestazioa deitu dute larunbat honetarako, urriak 5, atzo Herrira presoen aldeko plataformaren kontra egindako polizia operazioa salatzeko eta atxilotutako 18 lagunak aske uzteko eskatzeko.
Bilboko Arriaga plazan ehunka lagun bildu dira eguerdian. Agerraldian, bi bozeramailek operazioa salatzeko adierazpena irakurri eta "bidegabekeria hau" salatzeko manifestazioa deitu dute.
Deitzaileen arabera, manifestazioaren helburua "Espainiako Estatuari euskal jendarteak bidegabekeria hauekiko duen sentipena helaraztea eta atxilotuei gure elkartasuna adieraztea da".
Agerraldian egon diren eragileek gogorarazi dutenez, Herrirarekin "normaltasunez" lan egin eta hala egiten jarraitzeko konpromisoa agertu dute.
Bertaratu direnen artean, Joseba Permach eta Pernando Barrena ezker abertzaleko kideak, EH Bildu koalizioko Peio Urizar eta Oskar Matute, eta Adolfo Muñoz eta Ainhoa Etxaide (ELA eta LAB sindikatuetako idazkari nagusiak, hurrenez hurren) izan dira.
Operazioa, "erabaki politikoa da"
Deitzaileen hitzetan, polizia operazioaren atzean "erabaki politikoa dago". Izan ere, haien esanetan, "Herrira erakunde ezaguna da gure herrian, eta bere ekimenek hiru ezaugarri izan dituzte beti: baketsuak izan dira, aniztasuna bilatu dute eta giza eskubideak defendatu dituzte".
Hala, atzoko atxiloketek hiru helburu dituzte, betiere prentsaurrekoan izan direnen ustez: "Lehenengoa, eta bistakoena, euskal preso politikoen eskubideen defentsa kriminalizatzea. Bigarrena, terrorismoaren kontrako itunaren epe politikoa sine die luzatzea. Gure herriko esparru zabal baten lan politikoa eragoztea da xedea, hark irtenbideen aldeko jarrera izanagatik, ataka antirrepresiboan kateatuta gera dadin eta haren garapena galarazte aldera. Hirugarrena, PPk dituen arazo ugariak, iruzur kasuak edo erabakitzeko eskubidearen aldarriak esaterako, estaltzea da".
Amaitzeko "preso eta errefuxiatuen aldeko konpromisoa" agertu dute deitzaileek; "Estatuak hala nahi badu ere, konpromiso hori ez da apalduko", erantsi dute.