Politika -

Herrira

Garitano: 'PPren gobernua oinazea eta atsekabea eragiten ari da'

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eskua luzatu dio EAJri, Gipuzkoa eta Euskal Herria elkarrekin eraikitzeko. Gainera, Herriraren kontrako operazioan PPk izan duen jarrera gogor salatu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernua Euskadin min handia eragiten ari dela esan du Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Bere ustez, Espainia noraezean dago eta beldur da. Testuinguru horretan, herri bezala erantzuteko eta “Euskal Bidea” eratzeko eskua luzatu dio EAJ alderdiari. “Herri bezala erantzun behar dugu eta Euskal Herriaren etorkizuna euskaldunok erabaki behar dugu”, gaineratu du.Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Politika Orokorrari buruzko eztabaidan, Garitanok Herrira ETAko eta ezker abertzaleko presoen aldeko plataformaren aurkako operazioa salatuz abiatu du bere hitzaldia.  “Guardia zibilek, armak eskuetan dituztela, familiak apurtu nahi dituzte, baina alperrik. Beraiek jakin ez arren, galdu egin dute, Euskal Herriko herritarrek sortutako hormaren kontra jo baitute”, esan du.

“Gure herritik botako ditugu, ez ditugu behar eta ez ditugu maite. Herri hau askatasunean eta bakean eraikiko dugu”, gaineratu du Gipuzkoako ahaldun nagusiak.

Garitanoren ustez, “PPren gobernua noraezean dago. Oinazea eta atsekabea eragiten ari da Euskal Herrian, baina ihesi doa”.  18 atxilotutakoei eta haien senitartekoei besarkada handi bat bidali eta gero, “herri honi horrenbeste sufriaraztea ez da bidezkoa, ezta legezkoa ere”, esan du.

Halaber, egoera horren erantzule nagusiak PP eta PSE-EE direla azpimarratu du Garitanok, "herri honek aurrera egin ez dezan, Estatu estrategia bat babesten baitute alderdi horiek".PPrekin alderatuz gero, PSE ez da horren ezberdina, Garitanoren hitzetan, “Guardia Zibilaren demokrazia babesten baitu. Euren Espainiak porrot egingo duen beldur dira, baina euskaldunek gure etorkizuna erabakitzeko eta herri bat izateko eskubidea dugu. Eta arrazoirik ezean, oinazea eta atsekabea eragiten dute”. EAJri eskua luzatu dio

“Egoera horren aurrean, guztion artean 'Euskal Bidea' eratu behar dugu”, esan du Garitanok. Eta erantzukizunez jokatzeko eskatu dio EAJri. "Gure herrian pentsa dezagun, herritarrengan, herri bezala pentsatu eta erantzuten badugu eraikiko baitugu herri hau”.

Halaber, EAJri eskua luzatu dio Gipuzkoa eta Euskal Herria elkarrekin eraikitzeko. “Ideologia ezberdina izan arren, alderdikeriak alde batera utzi behar ditugu eta euskal herritarren artean Euskal Herriaren etorkizuna erabaki behar dugu”, gaineratu du.

Abertzaleen artean elkarlanean aritzeko konfidantza

Markel Olanok, EAJko odezkariak Gipuzkoako Batzar Orokorretan, Bilduren foru gobernuak duen "enfrentamentu" jarreraren bidez alderdi abertzaleen artean elkarlanean aritzeko "gutxieneko konfidantza" hautsi duela esan du. "Dirudienez, hori izango da legealdian jarraituko den bidea", gaineratu du.

"Kataluniako alderdi soberanistek jarraitu duten bideak inbidia ematen dit", esan du, baina EAJ antzeko bide batera gehitzeko aukera baztertu du. "Zubi guztiak hautsi ditu Bilduk", esan du.

PSEren kritikak

Rafaela Romero, PSEk Gipuzkoako Batzar Nagusietan duen bozeramaileak, Martin Garitanoren hitzaldia izan du hizpide. Romerok adierazi du Garitanok jarreraz aldatzen ez badu alderdi sozialistak apurtu egingo dituela foru gobernuarekin dituen "zubi guztiak".

"Ez dugu onartuko Garitanok eta ezker abertzaleak demokraziaren inguruko irakasbiderik ematea sozialistei", azpimarratu du. Romeroren aburuz, Ahaldun Nagusiaren hitzaldia "etsigarria, gutxi landutakoa, irreala eta hutsala" izan da.

Hitzaldi "aspergarria"

Alderdi Popularreko ordezkariak, Juan Carlos Canok, "aspergarritzat" jo du Garitanoren hitzaldia. "Euskal Herriari buruz hitz egiten sentitzen da eroso Ahaldun Nagusia. Banaketa, konfliktoa eta etsaiak bezalako hitzak hitzaldiaren lehen bost minutuan etengabe erabili ditu", esan du.

Canoren aburuz, "120.000 boto ez dira zigorgabetasunaren ezkutu" eta Garitanoren hitzaldia kritikatu du. "Ardurak PP eta PSEri egotzi dizkionean iragan ilunera itzuli da", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea