Politika -

Barne Ministerioa

'ETA dagoeneko ez da existitzen eta ez du atentaturik egingo'

Legezkoa izan arren, erakunde batek "behin eta berriro" terrorismoa goratzen duenean Auzitegi Konstituzionalak erakunde hori "gerora legez kanpo" uztea aurreikusten duela esan du ministroak.

Jorge Fernandez Diaz Barne ministroa. EFE.
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroa. EFE.
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroa. EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Erakunde moduan, ETA ez da existitzen eta ez du berriro atentaturik egingo", Jorge Fernandez Diaz Barne ministroaren hitzetan. Hala ere, pertsona batek “bere kabuz” atentaturik egitea ezin duela baztertu gaineratu du.

Onda Cerori eskainitako elkarrizketa batean, ETAk berriro jarduera armatuari heltzeko aukera dagoen galdetu diote Barne ministroari. "Azken hamarkadetan ezagutu eta pairatu dugun ETA hori ez da dagoeneko existitzen eta ez da bueltatuko", erantzun du.

"Pertsona batek, bere kabuz, arma bat erabilita atentaturik egitea ezin dut baztertu, hori ezin dugu kontrolatu, baina ez litzateke ETAren atentatu bat izango”, jarraitu du. “Erakunde moduan, ETA dagoeneko ez da existitzen eta ez du atentaturik egingo”, berretsi du.

Herriraren aurkako operazioa

Ezker abertzalea "legezkoa" izateak ez duela "zigorgabetasuna" suposatzen gogoratu dio gaur Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak Sorturi. Legezkoa izan arren, erakunde batek "behin eta berriro" terrorismoa goratzen duenean Auzitegi Konstituzionalak erakunde hori "gerora legez kanpo" uztea aurreikusten duela esan du Fernandez Diez ministroak.

Onda Cerori eskainitako elkarrizketan, Herrirak 112 'ongietorri' antolatu dituela azpimarratu du eta, ekitaldi horietan, "ETA behin eta berriro goratu eta biktimak umildu" egin dituztela salatu du. "Orain arte legezkoak izan badira ere, ezin dute zigorrik jaso gabe legea urratu".

Ministroaren iritziz, Herriraren egoitzak, web orriak, diru kontuak eta sare sozialetako profilak ixteko "oinarri nahikoa" dago.

2012. urteko otsailean hasi zen Guardia Zibila Herriraren aurkako probak biltzen, Fernandez Diazek azaldu duenez.

Herrira Auzitegi Gorenak eta Auzitegi Konstituzionalak legez kanpo utzitako bi erakunderen (Amnistiaren Aldeko Taldea eta Askatasuna) ‘ondorengoa’ dela iritzi dio Barne ministroak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea