Politika -
Makroepaiketa
35/02 sumarioan auzipetuek Europan barrena bira egingo dute
Astelehenean hasiko duten biran Espainiako gobernuaren "politika atzerakoia" salatuko dute. Estrasburgon, Bruselan, Belfasten, Dublinen eta Edinburgon izango dira auzipetuak.
Erredakzioa
ETA Herriko Tabernen bidez finantzatu ote zen ikertzeko auziagatik (35/02 sumarioa) eta 2009an Segiren aurkako operazio batean atxilotu ondoren urritik aurrera epaituko dituzten 40 lagunek Europan barrena bira hasiko dute astelehenean. Espaianiko Gobernuaren "politika atzerakoia" salatuko dute.
Karmelo Landak, Haritz Petralandak eta Carlos Renedok Bilbon eskaini duten prentsaurrekoan biraren inguruko nondik norakoak azaldu dituzte. Iragarri dutenez, inputaturik daudenen ordezkaritza bat Bruselan, Estrasburgon, Belfasten, Dublinen eta Edinburgon izango da. "Espainiaren jokabidea biluzarazi" nahi dute ekimen honekin eta "Espainiako estatuaren politika atzerakoia" salatu.
Estatuak daraman politika kritikatu dute eta 'Herriko tabernen' eta Segi auzietan duen "jarrera oztopatzailea" salatu dute. "Espainiako kartzela-politika errepresibo eta atzerakoia ere salatuko dugu", adierazi dute.
Prentsaurrekoan dei egin die herritarrei "elkarbizitza baketsu eta demokratikoen aldeko ekimenetan aintzindari" izan daitezen. "Estatuaren jokaera atzerakoia ikusita, ezinbestekoa da ekimenetan parte hartzea eta makroprozesu hauei buelta ematea, Estatuaren jarrera itxiaren aurkako epaiketan bihur daitezen", gehitu du. Zentzu horretan, "Euskal Herriko elementu aktibo guztien arteko mobilizazio bateratua" egitearen alde agertu da.
Libre Eguna
Nazioartean barrrena egingo den bira horretaz gain, igande honetan 'Libre Eguna' egingo dute "gatazkatik konponbiderako zubia igarotzeko asmoz".