Politika -
Barcenas auzia
Rajoy, Barcenas kasuaz: 'Gauza batzuk ezin dira frogatu'
Bloomberg telebista kate estatubatuarrari eskainitako elkarrizketan, Espainiako presidenteak berretsi du ordenagailuak eta bestelako frogak suntsitu izanaz ez dakiela ezer.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako presidenteak, Bloomberg telebista amerikarrari egindako adierazpenetan esan duenez, Barcenas kasuaren aurrean "oso lasai" dago eta inork ezingo du erakutsi PPn legez kanpoko finantziazioa egon denik, "ez delako halakorik egon". Alderdi Popularraren "zintzotasuna" defendatu du. Barcenas auziarekin lotutako frogak suntsitu diren galdetuta, berriz, horretaz ezer ez dakiela eta ez dakien gauzei buruz ezin duela hitz egin azpimarratu du.
PPko diruzain ohiaren kasua argitzea Justiziari dagokiola esan du Rajoyk, eta garbi utzi nahi izan du auzi horretan ez dagoela PPko buruzagirik auzipetuta. "Oso lasai gaude denok", berretsi du.
Zenbait inkesten arabera, herritarren gehiengoak PPk Barcenas auzian duen jarrera zalantzan jartzen duela eta, Rajoyk adierazi du bere lana "susmoei" aurre egitea dela, egia zein den erakusteko, eta bide horretan jarraituko duela, gizartean eraiki diren hainbat iritzi aldatzeko.
Alderdi Popularra legez kanpo finantzatu dela frogatuko balitz, dimisiorik aurkeztuko lukeen ere galdetu diote telebista kate estatubatuarrean eta hauxe erantzuna: "Hainbat gauza ezin dira frogatu, PPn inoiz ez delako legez kanpoko finantzaketarik izan. Horregatik, ez dauka zentzurik gai horretaz hitz egiteak". Gai honetaz eman beharrezko azalpenak Parlamentuan eman zituela gogorarazi du Rajoyk. Halaber, ustelkeriari aurre egiteko neurriak ere hartuta daudela garbi utzi nahi izan du, legez kanpoko finantzaketarik egon ez dadin.
Barcenasen inguruko galderei amaiera emateko, PPko buruzagien zintzotasuna defendatu du. Ustelkeria kasu bakan batzuk ezin dezaketela beste guztien la ona zikindu azpimarratu du, eta Espainiako presidente bezala, zerbitzu publikoari emana dagoela esan du.