Politika -
Quiron ospitalea
Espainiako erregearen osasun egoerak onera egin du
Zainketa Intentsiboetako Unitatetik atera dute, eta logela batera eraman dute. Ebakuntza ondorengo gaua ongi igaro duela jakinarazi dute medikuek.
Erredakzioa
Juan Carlos Espainiako erregeak gau ona igaro du, Zainketa Intentsiboetako Unitatetik atera eta logela batera eraman dute, eta haren osasun egoerak onera egin du, Lucia Alonso Quiron ospitaleko zuzendariak gaur eguerdian jakinarazi duenez.
Atzo ezkerreko aldakan ebakuntza egin zioten Juan Carlos erregeari, bigarren aldiz urtebetean, infektatutako protesia kentzeko eta behin-behineko beste bat jartzeko.
Espainiako erregeari beste ebakuntza bat egin beharko diote, ordea, bi hilabete barru, ezkerreko aldakan behin betiko protesia jartzeko, ebakuntza egin dion mediku taldeko buruak jakitera eman duenez.
Miguel Cabanela kirurgialariak Madrilgo Quiron ospitalean emandako prentsaurrekoan azaldu duenez, ebakuntza ongi atera da.
Espainiako erregea nakulurik gabe oinez ibiltzen ikusteko, bigarren ebakuntza egin eta gutxienez beste sei aste igaro beharko direla azaldu du Cabanelak.
Ebakuntza, "arrakastatsu"
''Arrakastatsu'' joan da Juan Carlos Espainiako erregeari Madrilgo Quiron ospitalean egin dioten aldakako ebakuntza, Erregearen Etxeak jakitera eman duenez. Bi ordu eta erdiko ebakuntza izan da, ezker aldakako protesia aldatzeko.
15:00ak inguruan iritsi da erregea erietxera, eta 20:00etan eraman dute ebakuntza gelara. Ordubete geroago ekin diote ebakuntzari. Miguel Cabanela doktoreak zuzendu du, AEBetako Mayo erietxeko lankide baten laguntzarekin.
Behin ebakuntza bukatuta, Zainketa Intentsiboetako Unitatean egon da, eta, handik, gela batera eraman dute. Litekeena da erietxeak duen suite batean egotea erregea, baina baztertu egin dute solairu osoa ixtea.
Erregearen familia, bertan
Ebakuntzaren nondik norakoak jarraitzeko, erregina, Asturiasko printze-printzesak eta Elena infanta izan dira erietxean. Halaber, Soraya Saenz de Santamaria Gobernuko presidentordea ere ospitalera bertaratu da, Rajoy presidentea bidaian baita.
Gizon bat biluzik
Erregearen ebakuntza abiatu aurretik, gizon biluzi bat erietxeko atera gerturatzen saiatu da, erregina bertara sartzera zihoanean.
30 eta 40 urte arteko gizonak kazetarientzat egokitutako gunea zeharkatu du, erabat biluzik, eta ''CIAren ezkutuko krimenen kontra'' oihuka hasi da.
Poliziak atxilotu egin du, eta soinean zeraman motxila miatu dio, baina ez dute bertan ezer susmagarririk aurkitu.