Politika -
Erregearen ebakuntza
Errege Etxea, atakan: Nork ordezkatuko du Juan Carlos Ia?
Denbora luzea egongo ei da Espaniako Erregea 'bajan', eta Konstituzioaren arabera, inork ezin du estatuburua ordezkatu. Horrek Monarkiaren irudia eta agenda mindu dezake.
Erredakzioa
Espainiako monarkia atakan dago. Urdaingarin auziak 'lurrikara' eragin zuen Errege Etxean, eta Juan Carlos I.aren ebakuntzak abdikazioaren eztabaida piztu du berriz. Are, erakundea bera desagertu behar dela dionik ere badago.
Hala, epe laburrera begira, hilabete korapilatsuak ditu Espainiako Errege Etxeak. Konstituzioaren arabera, inork ezin du Erregea ordezkatu. Rafael Spottorno Errege Etxeko bozeramaileak berak aitortu zuen aurrekoan. Juan Carlos I.aren ebakuntza ostekoak luze jo dezake (6-8 aste), eta denbora tarte horretan, agenda "moldatu" beharko dutela jakinarazi zuen Spottornok.
Dena dela, hitzordu garrantzitsu bi ditu Erregeak laster. Batetik, urriaren 12a eta, bestetik, hilabete bereko 18 eta 19an Panaman egingo duten Goi Bilera Iberoamerikarra. Estatuburuak eta gobernuburuak bakarrik joan daitezke zita honetara eta Espainiako estatuburu bakarra Juan Carlos I.a da.
Alderdiak, irtenbide bila
Bien bitartean, Espainiako Koroaren oinordekoaren papera arautu beharra dagoela aztertzen ari dira jada Kongresuan ordezkaritza duten alderdietako batzuk.
Ebakuntza dela eta, Erregeak abdikatu beharko lukeen galdetuta, ezezko borobila bota du behin baino gehiagotan Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuaren presidenteak(PP). Astelehenean, Printzearen zereginak legez arautu behar ote diren galdetuta, ordea, ez zen hain irmo mintzatu: "Gai hori zuhurtziaz, zentzutasun eta diskrezioz landu behar dugu" eta alderdi guztien artean adostu, agertu du.
Sozialistak haratago joan dira. Elena Valenciano PSOEko idazkari nagusiordeak Errege Etxearen Estatutua egitearen alde agertu da, abdikazioa edo errenuntzia arautzeko. Hori bai, "posible denean eta alderdi guztiak ados gaudela", erantsi du.
Josep Sanchez Llibre CIUk Kongresuan duen bozeramaile ondokoak zehaztu duenez, Konstituzioa erreformatu barik, badago Printzearen zereginak arautzeko modurik, baina hori gorabehera, talde katalanarentzat, herri galdeketak du lehentasuna.
Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak ere Errege Etxearen Estatutu berria egitea babestu du, baina erakundearen gardentasuna hobetzeko, batez ere familiaren ondasunak argitzeko. Ez, ordea, Printzearen funtzioak handitzeko.
Asteon bertan Printzearen estatutua arautzeko ekimena aurkeztuko duela iragarri du UPyDk. Rosa Diez alderdiko buruak neurria "urgentziaz" hartu behar izatea deitoratu du, Erregearen osasun egoerari erreferentzia eginez.
Azkenik, Cayo Lara Izquierda Unidako koordinatzailearen iritzian, Errege Etxearen "irudia oso kaskarra" da eta, beraz, "badago nahikoa argudio Konstituzioa erreformatu eta monarkiaren geroaren inguruko erreferenduma egiteko", erantsi du.