Politika -

Politika Orokorreko Bilkura

Egibarrek 'estatus berria' eta erabakitzeko eskubidea lotu ditu

Egibarrek adierazi duenez, EAJk 35 urte daramatza "euskal bidean" lanean.

Joseba Egibar
Joseba Egibar
Egibarrek EAJk 35 urte daramatzala ''euskal bidean'' lanean adierazi du

1:48

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Egibar Eusko Alderdi Jeltzaleko ordezkariak lehendakariak aurkeztu duen "estatus berria" eta erabakitzeko eskubidea lotu ditu. Era berean, Euskadi "subjektu politiko" bezala aitortzea ere ideia horrekin lotu du. Bestalde, EH Bilduri gogoratu dio jeltzaleek 35 daramatzatela "euskal bidean" lanean.  "Beti ere bide politikoak eta demokratikoak erabiliz, eta pertsonen eskubideak errespetatuz".

EAJ alderdiak euskal autogobernuaren inguruan duen ikuspuntua azken hauteskundeen aurkeztutako programan jasota dagoela adierazi du Egibarrek. "Gure helburua estatutuaren markotik haratago joatea da", esan du. Gaineratu du Euskadi "subjektu politiko" moduan aitortzea eta "erabakitzeko ahalmena" lortu nahi direla.

"PSE eta PPren jarrera ezberdina da, aurkakoa", argudiatu du. "Marko politikoa indarrean dagoen legezko markoaren azpitik kokatu behar dela uste dute, Estatutuak bete gabe jarraitzen baitu", adierazi du. Egibarrek adibide moduan jarri dut Gizarte Segurantzari dagokion transferentzia, "Gobernuaren aurrekontua baino altuagoa da. Taldea osatzen denean zer gertatzen den ikusi beharko dugu".

EAJko legebiltzarkidearen ustez, ezker abertzaleak eta EH Bilduk "ez dute idatziz" marko politikoa moldatzeko proposamena eta beraz, "ez dakigu zein den beraien ikuspuntua". "Orain, 'euskal bidea' bultzatuko dute, EAJk euskal bidean lanean 35 urte daramatzanean", gogoratu du. "Pertsonak errespetatu ditugu eta bide politiko eta demokratikoak soilik erabili ditugu. Non egon zarete urte hauetan guztietan?", galdetu du.

Zerga-ituna

Urkullu lehendakaria legegintzaldiaren hasieran akordioak lotzen saiatu zela gogoatu du Egibarrek, eta orduan posible izan ez zena orain gauzatzearen arrazoien inguruan galdetu du. "EAJ eta PSEren arteko akordioa ona da. Zergatik orain? Zergatik ez zen posible izan orain dela sei edo bederazi hilabete?", galdetu du.

Zentzu horretan, EAJ eta PSEren arteko itunak erakundeei "egonkortasuna" ematen diela eta "konfidantza sortzen" duela adierazi du. "Hori ekonomiaren oinarria da, eta ezin daiteke Espainia marka erabiliz lortu", esan du. "Espainiako enpresariek ere karga moduan ikusten dute marka hori erabiltzea". "Oinarrizko" ituna dela azpimarratu du Egibarrek, eta Batzar Orokorretan "aurrera eraman ahal izateko" alderdi politko gehiagoren babesa beharko dela azpimarratu du. Itunaren inguruko negoziazioek aurrera jarraitzen dutela berretsi du.

Bakea

Alderdi guztiak "indarkerarien bidegabekeria"n bat datozela adierazi du Egibarrek eta "hori ona da bideari ekiteko". Giza eskubideen urratzean ezinbestekotzat jo du oinarri berak izatea. "Urraketa bakoitzak arduradun bat du. Nahi diren azalpen guztiak eman daitezke, baina ezin da justifikaziorik egin".

"Hauteskundeetako garaipenek ez dute indarkeriaren porrota ezkutatzen, ezta horien ardurak ere. Garaipenak ez gaitu ahanzturan lokartuko. Denok gara pertsonak, baina loturak ditugu, harremanak. Ezin dira ardurak ezkutatu eta etorkizuna ezin daiteke umiliaziotik eraiki", zehaztu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Joseba Egibar Artola berriak