Politika -

Politika orokorreko saioa

Estatus politiko berria zehazteko eskatu dio UPyDk Urkulluri

Abian noiz jarri nahi duen, zein ezaugarri izango dituen eta hiritarrengan izango duen eragina azaltzeko eskatu du Gorka Maneiro legebiltzarkideak.

Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkidea. Argazkia: EiTB
Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkidea. Argazkia: EiTB
Estatus politiko berria zehazteko eskatu dio UPyDk Urkulluri

1:43

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadirentzat proposatzen duen estatus politiko berria zehazteko eskatu dio Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak Iñigo Urkullu lehendakariari; hala nola, "abian noiz jarri nahi duen, zein ezaugarri izango dituen eta hiritarrengan zer eragin izango duen".

Maneirok eman dio hasiera arratsaldeko Politika Orokorreko saioari. Estatus politikorako proposamena zehazteko ausardiarik ez izana egotzi dio Urkulluri eta beste talde parlamentarioek proposatzen dutenari hainbeste ez begiratzeko eskatu dio.

Urkulluren estatus politikorako proposamen berriak UPyD izango du "aurrean", baldin eta "egun indarrean dagoen legedia, Konstituzioa eta EAEko herritarren eta espainiarren arteko elkarbizitza errespetatzen ez baditu"."Erabakitzeko eskubidea falazia bat da eta kontsulta onartezina", gaineratu du.

Horren esanetan, "edonola ere, UPyDk ez dio eztabaidari muzin egingo", eta estatu federal simetriko eta kooperatibo bat sortzea, diputazioak bertan behera uztea eta udalerriak batzea proposatu du.

EAJ-PSE ituna

Astelehenean EAJk eta PSE-EEk sinatu zuten zerga ituna "egonkortasun ituna da eta, are gehiago, legegintzaldiko akordioa dirudi", Gorka Maneiroren arabera. Horren ustez, egonkortasuna izatea eta 2014ko Aurrekontuak onartzea ahalbidetuko dio EAJri. "Hitzarmenezko ezkontza" izan dela iritzi dio Maneirok: EAJk egonkortasun parlamentarioa lortuko du, eta PSE-EEk presentzia mediatiko handiagoa izatea lortuko du.

"Ez da Euskadi modernizatzeko ituna eta ez ditu hiritarren arazoak konponduko, are gehiago, gauzak zeuden moduan geldituko dira", gaineratu du Maneirok.

Bestalde, UPyD zergen igoeraren kontra agertuko dela nabarmendu du.

Bakegintza

Eusko Legebiltzarreko Bake Lantaldeak ez du "ETA garaitzeko balioko", batasun demokratikoa hautsiko du eta gainera EH Bilduri legitimitatea emango dio. "ETAren porrota atzeratuko du eta Batasunari interesatzen zaizkion gaiak jorratzeko gune izango da, hots, kartzela-politika eta kriminalen zigorgabetasuna", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea