Politika -

Politika orokorreko saioa

Honela kontatu dugu Urkulluren agerraldia

Lehendakariak "estatus politiko berria adosteko unea" dela adierazi du.

I.G./D.P. | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

10:54. Etenaldia egin dute saioan, bazkaltzeko. 14:30ean hasiko da berriz, eta orduan alderdien txanda izango da.

10:52. "Akordioen aroa" hasteko deia eginez eman dio amaiera hitzaldiari lehendakariak: "Herrialdeak behar du, eta eskatu egin digu".

10:48. Jaurlaritza politika industriala aztertzen ari da.

10:45. Estatu politiko berriaz berriro: "Euskadirentzako estatus politiko eta juridiko berria proposatzeko, negoziatzeko eta adosteko unea eta lekua da hau".

10:42. Bake eta Bizikidetza Plana udazkenean onartuko dutela iragarri du Urkulluk. Espainiako Gobernuak laguntza gutxi eman badu ere, "elkarrizketa eta akordioa bilatzeko konpromisoa" hartu du.

10:38. Jaurlaritzak aurten abiatuko dituen hainbat ekimen aurreratu ditu: koordainketaren gastuak konpentsatzeko dekretua, 'Ertzaintza kalean' programa, Paisaiako badia suspertzeko akordio bat eta Lanbideren eredu berria. Halaber, Salburuan, Zabalganan eta Portugaleten osasun zentro berriak izango dituztela esan du.

10:36. Jaurlaritzaren ustez, Euskadiko ekonomia % 1 haziko da 2014an, bi urteko atzeraldiaren ostean.

10:35. Lehendakaria 2013. urterako asmoak zehazten hasi da: "Konfiantza izango da susperraldiaren eta hazkundearen sostengua".

10:32. Jaurlaritzaren estrategiaren "hamar zutabeak" aipatu ditu orain: 160 helburu eta 610 ekimen dituen gobernu programa; "planteamendu argia" izatea ekonomiaren alorrean; ekonomia sustatzeko '4 I' plana; Gobernuak onartutako "aurrekontu-jarraibideak"; "Gobernuak ekainaren 11n onartutako plangintza estrategikoa"; 'Basque Country' nazioartekotze-estrategia; sektore publikoa berrantolatzeko eta arrazionalizatzeko plana; 29 lege-proiektu egiteko konpromisoa; "modernizazio-politika" eta "kode etikoa eta jokabide onekoa".

10:29. Mariano Rajoyren Gobernuak espetxe politikan "mugimendurik ez egitea" ezin da "erraz ulertu", lehendakariaren hitzetan.

10:28. Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko harremanari dagokionez, oraindik ere "lan asko" egin behar dutela esan du. Dena dela, "errespetua" eskatu du, hezkuntzaren arloko erreformak eta beste hainbat legek "tentsioa" ekartzen baitute.

10:26. PSE-EEk uko egin eta gero bertan behera geratu bada ere, Eusko Legebiltzarreko Bake eta Bizikidetza Lantaldea lau aldeko akordio hori lortzeko "espazioa" dela iritzi dio.

10:25. Bakea eta bizikidetza berriz ere hitzaldian, lau alderdi nagusien (EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta PP) arteko akordioa lortzeko deia eginda: "Egia da, egoeraren erradiografia ikusita, beharrezkoa dela lau tradizio politikoen arteko oinarrizko akordioaren zailtasuna azpimarratzea. Horren konplexutasunaren eta garrantziaren jakitun gara. Lau aldeko akordioa nahi dugu".

10:22. Datu positiboak ematen hasi da lehendakaria, esportazioei eta Foru Ogasunen diru-bilketei buruzkoak, besteak beste.

10:20. Espainiako Gobernuak defizit helburua malgutu eta zorpetze-ahalmena handitu eta gero, hurrengo urtean Euskadik "gastu ahalmen handiagoa" izango duela txalotu du Urkulluk.

10:17. Hainbat datu ekonomiko eman ditu, hala nola urtea amaitzean langabezia % 14koa izango dela eta BPG % 1,6 jaitsiko dela.

10:15. Ekonomiara itzuli da Urkullu: "Bost urte igaro ondoren, krisiaren unerik gogorrenak bizitzen ari gara. 2014. urtea ere gogorra izango da".

10:15. Duela 30 urte Bilbon izan ziren uholdeen metafora erabilita, "krisiaren urak kontrolatuta" dauela nabarmendu du lehendakariak.

10:11. Esparru juridiko berria "talde parlamentario guztien artean" aztertzea proposatu du: "Euskadiren etorkizun politikoari buruzko proposamen bat gauzatzeko giroa errazteko konpromisoa hartzen dut".

10:07Autogobernua da orain hitzaldiaren ildo nagusia. "Xantaia terrorista desagertu" dela, "esparru autonomikoa ahuldu" dela eta "marko europarra aldatu" dela kontuan hartuta, "beste proposamen bat" egiteko eta [Espainiaren eta Euskadiren arteko] harreman eredu berria proposatzeko garaia dela esan du.

10:04. Bake eta bizikidetzaren alorrean Jaurlaritzak onartuko duen plana gogora ekarri, eta "ekarpenak egiteko zabalik" dagoela aipatu du.

10:03. Bakea eta bizikidetza ditu hizpide orain Urkulluk: "Horiek lortzea guztion erantzukizuna da, ez bakarrik Jaurlaritzarena. Guztion arteko zeregina da, batez ere bizikidetza arlotik zor zaigun bakea ondo elika dezagun".

10:00. Orain arte onartutako neurrien laburpena egiten ari da Urkullu: Administrazioa % 20 argaldu izana, enplegu plana...

09:59. Joan den uztailaren 1ean zenbatzen hasita emango dituzte laguntzak, hau da, atzeraeraginezko izaera izango dute.

09:57. Eusko Jaurlaritzak diru-laguntzak emango ditu koordainketaren gastuak konpentsatzeko. Urtean 18.000 euroz azpiko diru-sarrerak dituzten pentsiodunei egongo dira zuzenduta, eta dekretu bidez onartuko ditu.

09:55. Urkulluk iragarri duenez, Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek eta Eudelek ekonomia sustatzeko eta enplegua sortzeko akordio bat "gertu" dute. "Lau hilabete" daramatzate negoziatzen.

09:52. "Debatearen eta negoziazioaren bidez, herri honek eskatzen dizkigun akordioak" lortuko dituztela uste du lehendakariak.

09:50. Astelehenean EAJk eta PSE-EEk sinatu zuten akordioa "garrantzi handikoa" dela esan du, eta hori "zabaltzen" ahaleginduko dela gaineratu du.

09:47. Urkulluk garrantzia eman nahi izan dio maiatzaren 21ean gainerako alderdiekin egin zuen bilerari: "Lehen aldiz, denok mahai baten inguruan eseri ginen; lehen aldiz, herrialdearen egoeraren inguruko diagnosi partekatua egin genuen. [...] Herrialde honetan aro berria has genezakeela sentitu nuen".

09:44. Datu negatibo horien aurrean, Jaurlaritzak "bost jarduera-ildo" lehenetsi dituela zehaztu du. Lehena, "ekonomiaren eta aurrekontuen kudeaketa zorrotza bermatzea". Bigarrena, "pertsonentzako oinarrizko zerbitzu publikoekiko konpromisoa: osasuna, hezkuntza eta gizarte-babesa". Hirugarrena, "lehentasun osoa ematea krisiaren aurkako lanari eta enpleguari". Laugarrena, "sare ekonomiko produktiboa zaintzea eta euskal ekonomiari bultzada ematea". Eta, bosgarrena, "etorkizun berri baten plangintza egitea Euskadirentzat, modernizazioan, hazkunde iraunkorrean eta giza garapenean oinarritua".

09:40. Horren esanetan, 2013. urtea amaitzean "% 1,2ko beherakada izango du Barne Produktu Gordinak, eta iaz baino 20.000 pertsona gehiago izango dira lanik gabe".

09:38. Urkulluk data jarri dio krisiaren irtenbideari: "Gogorra izango da 2014. urtea ere, baina atzeraldi honetatik irteten hasteko moduan izango gara".

09:37. Gonbidatuen artean, hiru ahaldun nagusiak, Javier de Andres (Araba), Jose Luis Bilbao (Bizkaia) eta Martin Garitano (Gipuzkoa), daude. Besteak beste, Juan Calparsoro EAEko fiskalburua ere bertan da.

09:33. Bere agerraldia nolakoa izango den azaltzen hasi da Iñigo Urkullu lehendakaria. Hiru zati izango ditu hitzaldiak: egungo egoeraren laburpena, "Jaurlaritzaren estrategia" eta "urte politiko honetan hartuko ditugun konpromisoen" azalpena.

09:32. Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak hasiera eman dio saioari. Urkulluren txanda.

09:28. Ez da ezusteko iragarpenik espero lehendakariaren aldetik. Ordu eta erdiko hitzaldia eskainiko du, gutxi gorabehera, Jaurlaritzatik azaldu dutenez.

09:23. Saioa streaming bidez ere jarrai dezakezu.

09:12. Hemen politika orokorreko saioa jarraitzeko gida kontsultatu dezakezu. Hitz egiten lehena Urkullu bera izango da, bi orduz gehienez. Taldeen txanda arratsaldean izango da.

09:00. Iñigo Urkulluk bere lehen politika orokorreko saioa du gaur, lehendakari denetik. PSE-EErekin itun zabala sinatu eta gero dator bilkura, eta ekonomia eta estatus politiko berria izango dira ardatz nagusiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea