Politika -

Pentsioen erreforma

Oposizioa PPren pentsio erreformaren aurka agertu da

PSOE, EAJ-PNV eta Amaiurrek Espainiako Gobernuak aurrera eraman nahi duen pentsioen erreforma kritikatu dute.

PP bakarrik geratuko da pentsioen erreformaren defentsan

1:13

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSOE, EAJ-PNV eta Amaiur alderdiek Espainiako Gobernuak aurrera eraman nahi duen pentsioen erreforma kritikatu dute. Erreforma horrek 33.000 milioi euroko murrizketa egingo du pentsioetan datozen bederatzi urtetan.

Soraya Rodriguez PSOEren bozeramaileak Kongresuan adierazi duenez, jubilatuen eskubide ekonomiko eta sozialak "desjabetuko" ditu erreformak. "Ezarriko den momentutik, Espainiako pentsionistak txirotaunera eramango dituen desjabetzea izango da", esan du.

2011ko hauteskundeetan Alderdi Popularrak aurkeztu zuen hauteskunde programa gogoratzeko gonbitea luzatu die Rodriguezek herritarrei. "Programa hartan zehazten zenez, ez zen murrizketarik egingo osasunean, hezkuntzan eta pentsioetan, eta banketxeei ez zitzaien diru publikorik emango", gogoratu du. "Eta hilabete hauen ondoren, Mariano Rajoyk osasun publikoa, hezkuntza eta pentsioak suntsitu ditu", gaineratu du.

EAJ-PNV

Aitor Esteban EAJk diputatuak, bestalde, ez du ulertzen pentsioen erreformaren bidez kopuruak handituko direla baieztatzeko Espainiako Gobernuak duen "obsesioa". "Garbi dago hori ez dela horrela izango", azpimarratu du.

"Ekonomiak eta gizarteak gaur egun bizi duten egoera kontuan izanik, eta datozen belaunaldietan biziko den egoera aintzat hartuz, Segurtasun Sozialaren sistema ukitu beharra dago eta hausnarketa egin behar da etorkizunean iraun!, onartu du.

Hori dela eta, "arazoari aurre" egin behar zaiola pentsatu arren, ez du uste Rajoyren Gobernuak hartu duen "erabakia egokia denik" eta beste bide batzuk jorratzearen alde agertu da. "Ezarri behar den konponbidea hau bada, ezin zaie herritarrei gezurrik esan", amaitu du.

Amaiur

Sabino Cuadra Amaiurreko diputatuak "besteen poltsikoan, pentsionisten poltsikoan, eskua sartzea" egotzi dio gobernuari. "Murrizketa itzela" jasango dutela esan du.

Cuadraren aburuz, krisiaren aurrean Gobernuak aurrera eraman nahi dituen neurriek porrot egin dute eta ez dute defizitaren arazoa konpontzeko balio izan. Hori de eta, diru-sarrerak handituko dituzten eta pentsioen jasangarritasuna mantenduko duten "aurkako" politikak egitearen alde agertu da

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea