Politika -
Auzitegi Nazionala
'Faisan auzia' ikertu zuen komisarioak Pamiesen bertsioa gezurtatu du
Filtrazioak 108.000 euro berreskuratzea eragotzi zuela ziurtatu du Carlos Germanek. ETAko estortsio taldearen aurkako operazioa zapuztu zuela erantsi du.
Erredakzioa
Filtrazioak 108.000 euro berreskuratzea eragotzi zuela ziurtatu du Carlos Germanek, Faisan tabernan ETAri emandako ezkutuko informazioa ikertu zuen polizia-komisarioak. ETAko estortsio taldearen aurkako operazioa zapuztu zuela erantsi du; izan ere, atxilotuei ez zieten "ezer atzeman".
"Gertatzen zaidan aurreneko aldia da, ez genuen ETAren pegatina bakar bat ere aurkitu, Franco jeneralaren pegatina zuen botila bat topatu genuen soilik", azaldu du.
Filtrazioa arrazoi politikoengatik egin zutela uste du Germanek, eta agindua Victor Garcia Hidalgo Poliziako zuzendari nagusi ohiak eman zuela gaineratu du.
"Filtrazioa polizia baten buruan asmatzea ez da posible, pentsaezina da. Agindu politikoa izan zelako gertatu da. Nork eman du? Konkretuki Poliziako zuzendari nagusiak; hori da gure ondorioa", azaldu du Germanek epaiketan. Lau orduz deklaratu du komisarioak.
Pamies: "Ez nuke operazioa geldiarazteko agindu politikorik onartuko"
Bestalde, ETAren kontrako polizia operazioa geldiarazteko 'agindu politikoa' jaso ez, eta halakorik inoiz onartuko ez lukeela adierazi du Enrique Pamies Espainiako Poliziak EAEn zuen buruak 'Faisan auzia'ren epaiketan.
Carlos Bautista fiskalak honako galdera egin dio Pamiesi gaur Auzitegi Nazionalean hasi den epaiketan: "Jaso al zenuen Urogallo Operazioa geldiarazteko agindu politikorik?". "Ez, ezta gutxiago ere, ez nuke onartuko, gainera",erantzun du poliziaburu ohiak.
Horrez gain, Joseba Elosua Irungo Faisan tabernako jabearekin ez duela "inoiz' telefonoz hitz egin azpimarratu du.
Jose Maria Ballesteros Faisan taberna inguruan egon izanari buruz galdetu diotenean, honako azalpena eman du Pamiesek: Frantziako Poliziaren ekintzaren baten beldur zen, eta Romano izengoitiko ETAko kide eta salatariarekin bildu behar zenez, tokian egoteko eskatu zion Ballesterosi.
"Frantziako Poliziarekin nengoen kezkatuta. Romano-k erakunde armatuaren materiala eskuratzea zeukan. Horrekin harrapatzen bagintuzten, zaila izango zen azaltzea (frantsesei). Arazoa konpondu nahi genuen eta gure kalterako izan zen ", azaldu du.
Atxiloketa bat saihesteko, ETAri polizia operazio baten berri emateagatik akusatuen aulkian jesarri da gaur Pamies. Akusazioek 10 urte arteko espetxe zigorra jartzea eskatu dute harentzat, ETAri laguntzea eta sekretuak jakinaraztea leporatuta, eta Jose Maria Ballesterosi 9 urtekoa jartzea. Defentsek, berriz, absoluzioa eskatu dute.
Carlos Bautista fiskalak bi urte eskatu ditu Pamiesentzat, eta urtebete eta erdi Ballesterosentzat, sekretuak jakinaraztea egotzita. Halaber, beste bost urteko zigorra eskatu du horientzat, ETAri laguntzea leporatuta, baina, delitu horren kasuan, eskaera Eduardo Torres-Dulce Estatuko fiskalburuak behartuta egin duela nabarmendu du.
Ballesteros Pamies babestuz
Beste akusatuak, Jose Maria Ballesteros polizia inspektoreak, Enrique Paimesen bertsioa babestu du eta Joseba Elosua Faisan tabernaren jabeari telefonoa pasatu izana ukatu. Telefono dei horri esker, nonbait, jaso zuen ETAk polizia operazioaren berri 2006ko maiatzaren 4an.
Ballesterosentzat 9 urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak, erakunde armatuari laguntzea eta sekretuak jakinaraztea egotzita. Epaiketan aitortu duenez, egun horretan Irunera joan zen, Pamiesek aginduta. Asmoa inguruan Frantziako eta Espainiako polizia agenteak ote zeuden jakitea zen, eta Faisan tabernara sartu zen, mugako bi aldeak ikusteko aukera ematen ziolako.
Tabernan egon bazen ere, bertan kafea hartu ez zuela azpimarratu du: "Nik ordu horretarako kafea hartuta daukat. Ezagutzen nauen jendeak badaki ez naizela oso kafezalea". Faisanen zegoela telefonoa erabili ote zuen galdetuta, berriz, hauxe erantsi du: "Segurtasun neurri gisa ez dut telefonoz hitz egiten tabernetan".
ETAko salatariaren deklarazioa
Romano ezizenez ezagutzen den ETAko salatariaren deklarazioa ere gako izan da gaurko saioan. Izan ere, haren presentzia argudio gisa erabili dute Pamiesek eta Ballesterosek. Epaiketan adierazi duenez, Italian zegoen eta Frantziara Alpe mendietatik joan zen Pamiesekin bilera bat egiteko.
Lekuko babestu moduan deklaratu du Romanok eta 2006ko maiatzaren lehen egunetan "Frantzia eta Italia artean" zegoela adierazi du eta Baionako geltokira hurbildu zela poliziaburuarekin batzartzeko.
"Beste leku batean biltzea ez zen ziurrago?", galdetu dio Carlos Bautista fiskalak. "Klandestinidadean ezer ez da ziurra eta arriskuan egon naiz Poliziari laguntzen egon naizen tartean", erantzun du salatariak.
Romano-k zehaztu duenez, Pamiesek "nire segurtasuna zaintzen zuen eta informazioa lortzeko bideak bermatzen zituen".