Politika -
Bilbon izango da, urtarrilean
Herrirak 'Tantaz tanta, itsasoa gara' U11rako ekimena aurkeztu du
Gainera, kolektiboak amaitutzat eman du aurreko ekainaren 8an Tafallan abiarazitako 'Herritarren epaia' ekimena, euskal 80 herri baino gehiagotan izan ostean.
Herrira euskal preso eta errefuxiatuen eskubideak defendatzen dituen kolektiboak espetxe politika aldatzeko eta 197/2006 doktrina, alegia Parot doktrina, bertan behera "berehala" uzteko eskatu du Iruñean egindako ekitaldi batean.
Ekitaldia Anaitasuna aretoan egin du kolektiboak, eta 2.000 pertsonatik gora parte hartu du, antolatzaileen arabera. Gainera, EA, Aralar, Sortu eta Bildu alderdietako eta ELA, LAB eta Stee-Eilas sindikatuetako ordezkariak izan dira, besteak beste.
Ekitaldi honen bidez, presoak hurbiltzea eskatu dute zenbait alditan, eta kolektiboak amaitutzat eman du aurreko ekainaren 8an Tafallan abiarazitako 'Herritarren epaia' ekimena, euskal 80 herri baino gehiagotan izan ostean.
Gainera, kolektiboakk iragarri duenez, azaroan jardunaldiak eta mobilizazioak egingo dituzte "gaixorik dauden presoak aske uztea" eskatzeko, eta Bilbon, urtarrilaren 11an, 'Tantaz tanta, itsasoa gara' ekimena egingo dute "eremu publikoaren okupazioa izango da, inoizko handiena Euskal Herriko historia hurbilean, eta, une jakin batean, denok gora begiratu eta gure tanta zerurantz altxatuko dugu. Eta orduan itsasoa izango gara, giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen aldeko itsasoa", antolatzaileen hitzetan.
Carlos Olalla aktoreak eta Maite Bidarte kazetariak aurkeztu dute ekitaldia, eta bertan Patxi Zabaleta Aralarren idazkari nagusiak; Sabino Cuadra Amaiurren diputatua; Pernando Barrena Sorturen bozeramailea; Miren Aranoa EAk Nafarroan duen koordinatzailea eta Bakartxo Ruiz Bilduren parlamentaria, besteak beste, izan dira.
Halaber, abenduaren 7rako Durangon egitekoa den beste ekitaldi bat iragarri dute eta 10ean "giza-eskubideen urraketak kartzeletan" gaiaren inguruko jardunaldi batzuk egingo dituzte.
Ekitaldian bideoak jarri dituzte eta musika saioak egin dituzte; eta Herrirak gogoratu duenez, "Europako Giza-Eskubideen Auzitegiak Ines del Rio tafallarraren inguruan behin betiko ebatziko du. Ines del Riok 26 urte daramatza espetxean eta aske utziko zutenean Parot doktrina ezarri zioten, kartzelako egonaldia beste 10 urtez luzatuta".