Politika -

Inputazioa

Gorroño: 'Otegik bakegintzan egindako lanaren aitorpena da saria'

Arnaldo Otegiri apirilean emandako bakearen sariagatik, inputatu gisa deklaratu du gaur Gernikako alkateak.

Jose Maria Gorroño, epailearen aurrean deklaratu ostean. Argazkia: EFE

Gernikako alkateak epaitegian deklaratu du Otegi sariatzeagatik

0:55

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Maria Gorroño Gernikako alkateak inputatu gisa deklaratu du gaur Gernikako auzitegian, indarkeria goratzea egotzita, joan den apirilaren 26an Arnaldo Otegi Batasuneko eledun ohiari bakearen saria emateagatik. Gorroñok berretsi du 'bakegintzan eta adiskidetzean egindako ekarpenagatik' eman ziotela saria Otegiri, baita Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteari ere.

Ordu-erdiz egon da deklaratzen epailearen aurrean Gorroño, Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak, Dignidad y Justicia taldeak jarritako helegitearen ondotik, irekitako prozesuaren baitan. Deklarazioa bukatuta, Gernikako epaitegiaren atarian, hedabideen aurrean hitz egin du alkateak. Trantze gogorra pasatzen ari dela aitortu du, 'inori opa' ez diona. Epaimahai batek 'ahobatez' onartu zuela saria Otegiri ematea gogorarazi du, eta bera epaimahai horretako kide bat baino ez dela gaineratu. Otegik bakegintzaren eta adiskidetzearen bidean egindako lana berretsi du Gorroñok.

Urizar: 'Prozesua kriminalizatu nahi du inputazio honek'

Babes zabala jaso du Gernikako alkateak. Besteak beste, alboan izan ditu Peio Urizar EAko idazkari nagusia, Maribi Ugarteburu EH-Bilduko legebiltzarkidea, Jon Salaberria Aralarrek Bizkaian duen koordinatzailea eta Mertxe Aizpurua eta Iratxe Lopez de Aberasturi Udalbiltzako kideak.

Epaitegira sartu aurretik, Urizarrek esan du 'zentzugabekeria' handi bat dela Gernikako alkatearen aurka abian jarri dutena. Arnaldo Otegik eta Jesus Eguigurenek (honi ere bakearen saria eman zioten) 'hitza eta akordioa' erabili zituzten  bi kultura politiko batzeko, Euskal Herrian bakea eta normalizazioa lortzeko bidean. Urizarren aburuz, 'prozesua kriminalizatu' nahi du inputazio honek eta gatazkaren konponbideari begira 'oztopo' bat da.

Bakegintzan eta adiskidetze bidean egindako lanagatik, 2013ko bakearen saria Arnaldo Otegiri eta Jesus Eguigureni ematea erabaki zuen Gernikako Udalak. Apirilaren 26an banatu zituzten sariak, Gernikan bertan. Bi politikarion alabak joan ziren saria jasotzera. Otegi Logroño espetxean dago preso, Batasuna berreraikitzen saiatzea egotzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi