Politika -
Bakearen Saria
Otegiri bakearen saria emategatik deklaratuko du Gernikako alkateak
11:00etan hartuko diote deklarazioa Jose Maria Gorroñori, Gernikako auzitegian. Apirilaren 26an Arnaldo Otegiri bakearen saria emateagatik Dignidad y Justiciak helegitea jarri zuen.
Erredakzioa
Arnaldo Otegi Batasuneko eledun ohiari bakearen saria eman izanagatik, Jose Maria Gorroño (EA) Gernikako alkateak inputatu gisa deklaratuko du gaur, 11:00etan Gernikako auzitegian. Dignidad y Justicia taldeak jarri zuen helegitea.
Peio Urizar EAko idazkari nagusiak eta EH- Bilduko hainbat ordezkarik lagunduko diote Gorroñori auzitegira, babesa adierazte aldera. Mertxe Aizpurua eta Iratxe Lopez de Aberasturi ere, Udalbiltzako presidentea eta presidenteordea, hurrenez hurren, bertan izango dira.
Bakeari eta adiskidetzeari egindako ekarpenagatik, 2013ko bakearen saria Otegiri ematea onartu zuen Gernikako Udalak. Egun, Logroño espetxean dago preso Otegi, Batasuna berrantolatzen saiatzea egotzita.
Jesus Eguiguren PSE-EEko presidenteak ere jaso zuen sari berbera, apirilaren 26an Gernikan, bonbardaketaren 76. urteurrenaren harira egin zen ekitaldian. Hain zuzen, bi politikarion alabak izan ziren saria jasotzera joan zirenak.
Gorroñoren auzipetzearen berri izan orduko, Unai Ziarreta EAko Politika Instituzionaleko idazkariak gogor gaitzetsi zuen epailearen erabakia, ‘nazioartean, giza eskubideen alorrean, Espainia barregarri geratzen dela’ azpimarratuz.