Politika -

Elkarrizketa, Radio Euskadin

Urkullu: 'PSE gabe lantaldea mantentzea lubakiak sortzea litzateke'

Lehendakariaren esanetan, EAJk eta EH Bilduk bake lantaldearekin aurrera jarraitzea "errazena" izango litzateke, baina hori "Euskadi lubakiak oinarri eraikitzea bezala izango litzateke".

Iñigo Urkullu lehendakaria, gaur goizean Radio Euskadin. EiTB
Iñigo Urkullu lehendakaria, gaur goizean Radio Euskadin. EiTB
Urkullu: 'Ezin da Euskadi lubakietan oinarrituta eraiki'

1:12

David Perez | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak errefusatu egin du Eusko Legebiltzarreko Bake eta Bizikidetza Lantaldea mantentzea, PSE-EEk uko egin eta gero, hala egitea Euskadin "lubakiak" sortzea izango litzatekeela argudiatuta.

"Gehiengo osoa duten bi alderdik [EH Bildu eta EAJ] aurrera jarraitzea errazena izango litzateke, baina hori Euskadi lubakiak oinarri eraikitzea izango litzateke", eta Jaurlaritzak, aitzitik, "lau indar nagusien [EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta PP] arteko akordioak oinarri izango lituzkeen bizikidetzaren alde egin nahi du", ohartarazi du, "Boulevard" Radio Euskadiko saioan egindako elkarrizketa batean.

Horren ildotik, "lubakien eskema"ren aurka egin du, "matematikek ahalbidetzen badute ere", eta lantaldetik joan izana egotzi dio PSE-EEri. Izan ere, "akordioa ez da abiapuntua, lortu egin behar da".

Asteazkenean, EH Bilduk gainerako alderdien artean adostutako 'zoru etikoa' onartu arte ez duela lantaldean parte hartuko iragarri zuen PSE-EEk. Gaur bertan, EAJk eta EH Bilduk bilera egin dute bake lantaldearen baitan, eta hasieran azkena izango zela zirudien arren, bi alderdiek lantaldearekin aurrera jarraitzea erabaki dute.

Urkulluren esanetan, bake lantaldea "bizikidetzaren normalizazioaz hitz egiteko alderdi politikoak eseri beharko liratekeen toki naturala da", eta abiapuntua "azken legegintzaldian adostutako akordioak" direla gogorarazi die PSE-EEri, PPri eta UPyDri.

EAJ-PSE akordioa

EAJk eta PSE-EEk astelehenean sinatuko duten akordioari dagokionez, adostutakoarekin bat datorrela esan du Urkulluk, eta ukatu egin du itunaren laburpena zergak igoko dituztela izatea.

Hori horrela, akordioa gainerako alderdientzat ere "zabalik" dagoela esan du, baina "lehentasunak" ezarri gabe. "Ez da egia PP edota ezker abertzalea orain gaineratu nahi ditugunik, azkenaldian alderdien arteko negoziazioak egon baitira; adostutakoaren % 90 uztailetik ezagutzen dute PPk eta ezker abertzaleak", erantsi du.

Atzo, Laura Mintegi EH Bilduko bozeramaileak negoziazioetan "beti azkenak" direla salatu zuen. Horren aurrean, koalizio abertzalea alderdien mahaian izan zela erantzun du Urkulluk.

Nolanahi ere, EH Bilduren eredu sozio-ekonomikoa eta gainerako alderdiena "zeharo ezberdinak" direla esan du lehendakariak: "Hasieratik ereduak guztiz kontrakoak badira, zaila da jarrerak gerturatzea".

Kataluniako Diada

Bestalde, Urkulluk "mirespena eta errespetua" adierazi du Kataluniako Diadan izan ziren mobilizazio jendetsuen aurrean, baina Euskadik "berezitasunak" eta "eginbeharrak" dituela azpimarratu du. Eginbehar horien artean, "bizikidetza politikoa normaltzea" aipatu du.

Radio Euskadik lehentasuna bizikidetzari edo estatus politiko berria lortzeari ematen dion galdetu dio. "Erantzukizuna onartu nuenean, lehentasun hauek ezarri nituen, ordena honetan: ekonomia sustatzea eta enplegua sortzea, bizikidetza normalizatzea eta autogobernuaren estatus berria lortzea", erantzun du agintariak.

Bakegintzaren arloan, "erantzukizun ia guztia" ETArena dela esan du, baina, bizikidetzarenean, "alderdi politikoek, erakundeek eta gizarteak zeregin bat dute".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea