Politika -
Gasteizen
EAJ, PSE eta PP bildu egingo dira gaur, itun fiskalaz hitz egiteko
Akordioak ia legegintzaldi osoa hartuko du eta astelehenean sinatuko dute jeltzaleek eta sozialistek.
Erredakzioa
EAJ, PSE eta Euskadiko PP alderdiek goi mailako bilera egingo dute gaur Gasteizen, jeltzaleek eta sozialistek aste honetan bertan adostutako itun fiskalaz hitz egiteko.
Bilera asteazken arratsaldean Arantza Quirogak egindako telefono deien ondoren deitu dute. PPko presidenteak Andoni Ortuzar EBBko presidentearekin, Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiarekin eta Iñigo Urkullurekin hitz egin zuen telefonoz.
Horren aurretik, Antón Danborenea PPk ekonomia gaietarako duen arduradunak negoziatzea exijitu zien EAJ eta PSEri erreforma fiskala Araban eta Gipuzkoan aurrera atera ahal izateko, bi lurralde horietan ez dutelako gehiengorik.
Dena dela Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak (PP) itunarekin bat egingo ez dutela esan zuen atzo.
Sinadura, astelehenean
Ituna astelehenean sinatuko dute Andoni Ortuzarrek eta Patxi Lopezek, lehendakariaren aurrean.
Gaurko bilerari dagokionez, Arantza Quirogaren asmoa PPk eta EAJ fiskalitate gaietan duten parekotasunaz baliatzea da, izan ere, PPren arabera, hartu beharreko neurrien % 95 partekatzen dute. Bide horri helduta, Quirogak EAJren, PSEren eta PPren arteko elkar ulertzea erraztu nahi du eta elkar ulertze hori aurrekontuetara eta erakundeen egonkortasunera zabaldu.