Politika -

Bake konferentzia

Izagirre: 'Bake Konferentziak ez dio inori ikasgairik eman nahi'

Urriaren 10ean eta 11an egingo da Bake Konferentzia Donostian, eta Hego Afrika, AEB, Argentina, El Salvador, Palestina eta Mendebaldeko Saharako alkateek parte hartuko dute.

Juan Karlos Izagirre eta Vicente Zaragüeta Bake Konferentziaren aurkezpenean. Argazkia: EFE
Juan Karlos Izagirre eta Vicente Zaragüeta Bake Konferentziaren aurkezpenean. Argazkia: EFE
Urriko bake konferentzia aurkeztu du gaur Juan Karlos Izagirrek

1:59

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak urriaren 10ean eta 11an Gipuzkoako hiriburuan egingo den Bakearen aldeko Alkateen Konferentzia aurkeztu du. Mundu osoko alkateek parte hartuko du Bake Konferentzian.

Izagirrek azaldu duenez, "konferentziak ez dio inori ikasgairik eman nahi. Ikasteko balioko du, ikasitakoa Euskadiko bake eta normalizazio prozesuan erabili ahal izateko". "Espiritu irekiarekin jaio da ekimena eta bultzaitzaileak ahalik eta ordezkaritza zabalena izateko lanean ari da", gaineratu du. PSE eta PP ez dira Bake Konferentzian izango.

Biktimak ere izango dira Bake Konferentzian. "Kolore guztietako biktimak izango dira", azpimarratu du. "Bakearen eraikuntzan denok dugu zerbait eskaintzeko eta asko ikasteko", adierazi du. Gaineratu duenez, "lan horretan ekarpen guztiak beharrezkoak dira".

Izagirrek abuztuan iragarri zuen konferentzia, Hiroshiman zegoen bitartean. Dionez, tokiko gobernuek bakearen alde "asko dute egiteko". "Urriaren 10ean eta 11an gatazketan esperientzia handia duten alkateak entzun ahal izango ditugu Donostian, eta ikasten, hausnartzen eta eztabaidatzen saiatuko gara", gaineratu du.

Gizarteak bakearen aldeko lana eskatzen duela uste du Izagirrek, eta herriaren eskaerari "ekimen xume honekin" erantzun dio. "Hemen ez dago inor soberan", gaineratu du, eta Donostia "bakearen erreferente moduan" hazten ari den hiria dela azpimarratu du.

Donostian izango dira Bartzelona, Biarritz, Durban (Hego Afrika), Rosario (Argentina), Suchitoto (El Salvador), Boise (AEB), Diyarbakar (Turkiako Kurdistan), Palestina eta Mendebaldeko Saharako alkateak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea