Politika -

Elkarrizketa ETBn

Fernandez: 'Bakerako lantaldeak aurrera egingo du, oztopoak oztopo'

Bake eta Bizikidetzarako Eusko Jaurlaritzaren idazkariak onartu egin du lantaldean "antsietate eta krispazio puntu bat dagoela", baina helburu nagusia gutxieneko akordioa lortzea dela azpimarratu du.

Jonan Fernandez, Bake eta Bizikidetzarako Eusko Jaurlaritzako idazkaria. EiTB.
Jonan Fernandez, Bake eta Bizikidetzarako Eusko Jaurlaritzako idazkaria. EiTB.
Jonan Fernandez baikor agertu da Bakerako lantaldearen inguruan

3:08

L.E. | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetzarako Jaurlaritzako idazkaria baikor agertu da Bakerako lantaldearen inguruan, azken asteetan sortutako arazoak alde batera utzita.

Fernandezen ustez, gutxieneko akordio sendoa lortzeko helburua gauzatu egingo da, eta akordio horretan euskal politikako lau familia handiek bat egitea espero du: "Lau familia politikoen artean bilgune bat bilatu behar dugu bizikidetzari dagokionez, eta hori elkarrizketaren bidez lortu behar dugu. Hori da momentu historikoak eskatzen diguna", azaldu du Fernandezek.

Bake eta Bizikidetzarako idazkaria PSEk irailaren 13rako deituta zegoen bilera atzeratzeko eskaeraz ere aritu da. Atzerapen horren bidez, EH Bilduri "zoru etikoa" onartzeko denbora eman nahi diote sozialistek Jonan Fernandezen ustez, "talde politikoen arteko desadostasunak jokoaren parte dira eta onartu egin behar ditugu (...) iraganetik datozen beldurrek bultzatutakoak dira, beldur horiek etorkizunera eramaten ari garelako". Hala ere, beldurrak beldur, Fernandezentzat "ezin dugu oztopo horiek gutxieneko akordio bat lortzea saihestea utzi, hori baita lantaldearen helburu nagusia".

Akordiorako aukera

Familia ezberdinen arteko akordioaz hitz egitean, Jonan Fernandezek Gipuzkoako egoera aipatu du, bertan "EH Bilduk PSErekin eta PPrekin zenbait gaietan ados jartzea lortu baitu". "Fiskalitatean eta Kultura Hiriburuan gaian ados jartzea lortu badute, zergatik ez dute gauza bera egingo elkarbizitzaz hitz egiten dugunean"?

Desarmea, "berehala"

ETAren desarmeari dagokionez, Bake eta Bizikidetzako idazkariak esan du prozesua egin egingo dela, baina ez dakiela noiz eta nola.

"Hala ere, garrantzitsua da desarme hori prozesu berehala ematea eta serioa izatea, ez ekintza sinboliko hutsa", azpimarratu du jarraian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea