Politika -
ELKARRIZKETA, RADIO EUSKADIN
Odon Elorza, Bilduk Donostia 2016n ETA eta indarkeria nahasteko beldur
Donostiako alkate ohiak Radio Euskadin hitz egin du gaur, eta ezker abertzaleak proiektu honetan "inoiz" sinetsi ez duela esan du. Gainera, zergei buruzko negoziazioez ere mintzatu da.
Erredakzioa
Odon Elorza Donostiako alkate sozialista ohia Bilduk, Gipuzkoako hiriburuko udalean egun agintzen duen alderdiak, Donostia 2016ko kultur hiriburu europarra izateko programara ETAren bere ikuspegia eta indarkeria batzearen beldur agertu da.
Elorzaren arabera, ezker abertzaleak ez du "inoiz" proiektu horretan sinetsi, eta, oposizioan zegoenean, kritikatu eta gaitzetsi egin zuen. Horrez gain, gaur egun alderdi horren "alderdikoikeriaren" ondorioz egitasmoa "ez atzera ez aurrera" dagoela azpimarratu du PSE-EEkoak.
Radio Euskadin elkarrizketa batean esan duenez, proiektuak europar maila zuelako egin du aurrera, eta Bilduk "zerikusirik ez duten gaiak eranstearen" beldur da, "elkarbizitzaren aldeko filosofiarekin bat etorriko ez liratekeelako".
Halaber, iraganean ezker abertzaleak Donostia "suntsitzen eta hari kalte egiten" lagundu zuela uste du, eta ez du dudarik hiria "helburu politikoak lortzeko gudu zelai gisa" erabili zutela.
Juan Karlos Izagirre Donostiako egungo alkateak antolatu duen bake biltzarraren inguruan, "propaganda" egiteko helburua duela uste du Elorzak, eta "udalbatzaren adostasunik gabe" deitu dutela salatu du: "Ikusi beharko dugu nola antolatzen duten. Aldebakarreko ikuspegia ematen badute, oker dabiltza"
EAJ/PSE-EE negoziazioak
EAJk eta PSE-EEk zergen inguruan hasi dituzten elkarrizketez ere hitz egin du Elorzak, eta sozialistak Jaurlaritza "ahul batekin lankidetzan aritzeko formulak" bilatzeko "ahalegina" egiten ari direla esan du. Horrela, Legebiltzarra "gudu-zelai" bihurtzea ekiditen ari dira, haren ustez.
Negoziazioa "akordio fiskal" batetik haratago doa, Elorzaren adirazpenen arabera: Exekutiboari "egonkortasuna" ematea da helburua, gero, horrela, enplegu planak, zerga koordinazioa edo erakundeen erreforma egin ahal izateko: "Urkulluk ez du bere politikekin asmatu, eta ez da lider egokia. Laguntzarik gabe, ezin du aurrera egin", adierazi du.