Politika -
Abuztuaren 29an
Masek bilera sekretua egin zuen Rajoyrekin kontsultaz hitz egiteko
"Espainiako Gobernuko presidenteak erabakitzeko eskubidearen inguruan duen jarrera" ezagutzea omen zen Kataluniako Generalitatearen presidentearen helburua. Rajoyk bilera hori baieztatu du.
Erredakzioa
Artur Mas Kataluniako Generalitatearen presidenteak bilera sekretua egin zuen Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearekin, abuztuaren 29an, Madrilen, Ara egunkariak jakitera eman duenez. Ondoren, Rajoyk bilera hori egin zutela baieztatu du.
Egunkari kataluniarraren arabera, Mas Madrilera joan zen aurreko ostegunean Rajoyrekin bilera egiteko, "martxoan egin zuen bezalaxe".
Helburua "Espainiako Gobernuko presidenteak erabakitzeko eskubidearen inguruan duen jarrera" ezagutzea omen zen.
Generalitateko presidenteak plebiszitu-hauteskundeak iragarri zituen 2016rako, Estatuak 2014ko autodeterminazio kontsulta galaraziz gero.
Bere jarrera ''mundu guztiak'' ezagutzen duela esan du Rajoyk
Mariano Rajoy presidenteak baieztatu egin du uda honetan Artur Masek bilera egin duela, eta Generalitateko presidentearekin ''noizbehinka'' hitz egiten duela gaineratu du, ''erkidegoetako beste agintariekin bezala''. Jarraian, Kataluniaren inguruko bere jarrera ''mundu guztiak'' ezagutzen duela esan du Rajoyk.