Politika -

ETAren amaiera

EHJANk salatu du azken bost eskolta zerbitzuak kendu dizkietela

ETAk armak utzi zituela iragarri zuenean kendu zituzten gainerakoak. Erabakia atzeratzea eskatzen dute epaileek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko (EHJAN) Gobernu Aretoak kritikatu egin du Segurtasun Sailak eskaintzen zizkien azken bost eskolta zerbitzuak kendu izana, "erakundeen iritziari jaramonik egin gabe eta oporretan" zeudenean jakinarazi baitiete erabakia.

Hori horrela, Estatuko Segurtasun Idazkaritzari eskatu diote babes zerbitzua beregain hartzeko eta 2014ko aurrekontuetan ibilgailuetarako partida bat sartzea proposatu dute.

Aurreko astelehenean erabaki zuten eskari hori egitea, Eusko Jaurlaritzak EHJANko presidenteari erabakiaren berri eman ostean.

ETAk Jose Maria Lidon epailea hil zuenean jarri zieten epaileei eskolta, eta erakunde armatuak indarkeriari uko egitea erabaki zuela iragarri zuenean, Segurtasun Sailak kendu egin zien babes zerbitzua, bost goi karguduni izan ezik.

Hori horrela, Segurtasun Sailaren erabakiak, Juan Luis Ibarraz gain, hiru lurralde historikoetako auzitegietako presidenteei eta Bilboko epaile dekanoari eragiten die.

Epaileek onartu duten idatzian gogor salatu dute Segurtasun Sailaren erabakia "oporretan" iritsi dela eta "erakundeari jaramonik egin gabe" hartu dutela. Izan ere, EHJANk erabakia atzeratzea eskatu zuen.

Erakundearen arabera, Lidonen hilketaren ostean ibilgailuak eta gidariak babeserako zerbitzuaren esku geratzen ziren, eta orain, zerbitzurik gabe, ibilgailua eta gidaria ere galdu dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea